Gaur-gaurkoz Segurtasun Indarrek Loiolan okupatzen dituzten lurrak hiriaren zerbitzura jartzeko eskatu du koalizioak, Espainiako Armada hiriko beste toki batera lekualdatzeko aukera erabat baztertuta.
Euskal Herria Segurtasun Indarrik gabeko territorio libre bihurtzeko jarrera berretsi du EH Bilduk. Hori dela eta, Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren eta armadaren erretiratze osoa aldarrikatu du, segurtasun arloko eskumen guztiak euskal Poliziek beren gain har ditzaten prozesu bati ekiteko.
Koalizioaren apustua argia da: Loiola eta Intxaurrondoren gisako kuartelak behin betiko ixtea eta militarizatu gabeko hiriak sortzen hastea, Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta armadaren presentziarik gabe. “Gizartearen aldarrikapen historiko bat da. Aspaldikoa da Segurtasun Indarren kontrako aldarri soziala eta politikoa euskal gizarteko eta Donostiako sektore ugaritan”, gogoratu du Oskar Matute diputatuak Kongresuko Defentsa Batzordean.
Ildo horretan, EH Bildu bat dator Donostiako Udalak lur horiek berreskuratzeko egindako eskariarekin, are gehiago kontuan hartuta Loiola-Martutene ingurua uholdeengatik larriki kaltetua izan dela eta une honetan berregituratze prozesu bete-betean dagoela, joan den legegintzaldian Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek sustatutako akordioak onartu ostean.
EH Bilduk uste du armadak okupatutako lurrak bereganatzea aukera interesgarria izan daitekeela Donostiarentzat, etorkizunean babes ofizialeko etxeak eraikitzeko edo hiriaren beharrak asetzeko aprobetxa daitezkeelako. “Betiere herritarren ongizatea bermatzeko baldin bada, inola ere ez edonolako segurtasun indarrei tokia egiteko. Euskal gizarteak sarri askotan agertu du horren aurkako jarrera”, nabarmendu du Matutek.

@ehbilducongreso