Espainiako Gobernuak euskal hauteskundeetarako errolda aldatzeko egindako proposamena dela-eta, Amaiurrek zenbait galdera egin zizkion. Horien erantzunaren aurrean, honakoa esan nahi dugu:

1. Argi gelditu da, ez dela ez Gobernuaren asmoa ez lehentasuna indarkeriaren erruz Euskal Herria utzi zuten haien mina sendatzea. Hala balitz, Euskal Herritik alde egin beharra izan zuten guztiak bueltatu ahal izateko neurriak hartuko lituzkeelako, hain zuzen ere.

2. Espainiako Gobernuak ez ditu kasu guztiak hartu nahi kontutan. ETAk eragindako biktimentzat bakarrik da legea, eta uko egiten dio beste indarkeria batzuk izan direla onartzeari. Legeak ez ditu kontuan hartuko GAL, ATE edo BVEek eragindako biktimak ez estatuaren egiturek eragindakoak. Ondorioz, neurri honek alde bakarra hartzen du kontuan eta biktima talde handi bat baztertzen du. Horrek erakusten digu lege honen asmo bakarra Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko errolda aldatzea; izan ere, ETAk eragindako biktimak hartzen dira kontuan beste guztiak ezkutatuz. Argi dago, beraz, PPk biktimak alderdikeriaz erabiltzen dituela EAEko eta Nafarroako Foru Erkidegoko errolda aldatzearren.

3. Gobernuaren arabera, milaka dira "indarkeria terroristaren" ondorioz euren etxea utzi zutenak, baina ez du hori baieztatzeko inolako daturik eman. Iruzurrak ateak zabal-zabalik ditu beraz, eta horren adibidea da bost urtera murriztu dutela EAEn edo Nafarroan bizi izandako urte kopurua. Azken batean, Euskal Herrira lanean joandako edozein funtzionariok, nahiz eta lekualdatze prozesu hutsagatik joan Euskal Herrira, botoa eman ahal izango luke. Gobernuaren erantzunean uler daitekeenez gainera, berdin dio Euskal Herrian egon diren denboran estatu terrismoagatik zigortuak izan diren, edo Frankoren garaian etorritakoak izan diren.

Guzti honen aurrean AMAIURek ikusten duena da, bake eta normalizazio politikorako garaietan gaudela, eta indarkeriaren ondorioz Euskal Herritik joan beharra izan zutenen kasua osorik eta zehaztasunez landu behar dela. Horretarako, 2011n sinatutako Aieteko adierazpenaren hirugarren puntuak ematen digu bidea:

Zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta bizikidetzan aurrera egiteko urratsa sakonak eman daitezen eskatzen dugu.

AMAIURrek indakeria dela-eta Euskal Herria uztera derrigortutako persona guztiak euren etxera itzul daitezen lan egingo du. Gure gogoa da elkarrenganako errespetuan eta onarpenean oinarritutako adiskidetzea sustatzea indarkeria jasan duten persona guztiak kontuan hartuz. Horrek lagunduko baitu azken hamarkadetan zabaldu diren zauri pertsonalak zein sozialak itxi daitezen.

@ehbilducongreso