AMAIURrek ilusioz hartu du FARCek su-etena emateko hartutako aldebakarreko erabakia. FARCen negoziazio taldea eta Kolonbiako Gobernuak Kuban hasitako elkarrizketen ondorioa da su-eten hori.

Erabaki horrek elkarrizketa prozesua baldintza egokietan egitea erraztuko duela, eta alde bien artean konfiantza sortzeko egindako keinua dela ulertzen dugu. Aukera hau ezin da alferrik galdu. Gure ustez, FARCek emandako pausuari erantzun egokia eman behar lioke Kolonbiako Gobernuak.

Gatazka gizatiarragoa izan dadin ere pausuak eman behar direla uste du AMAIURek. Horixe da, gainera, Kolonbiako agente politikoek eta sozialek eskatzen dutena. Esate baterako Colombianos Por la Paz kolektiboak, Marcha Patrióticak eta Herrien Kongresuak. Azken hau Minga Indígena izenarekin ezagutzen da.

 

 

Era berean, ELNk egindako azken adierazpenarekin bat eginez, jarduera armaturik gabeko agertoki batera iristeko eta Nazioarteko Giza Zuzenbideak zein Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideak markatutako bidea hartzeko borondatea dagoela ikusten dugu.

AMAIURek dei egiten die alde guztiei elkarrizketa negoziaketa indartzeko aldebakarreko erabakiak har ditzaten. Horrela lortuko baitute negoziaketa prozesua garatzeko testuinguru egokia.

Turkiako Justizia Ministroaren adierazpenak ere, begi onez hartu ditu AMAIURek. Izan ere, PKKrekin hitz egiten hasteko prestutasuna agertu du Kurdistango Langileen Alderdiarekin Oslon bilera sekretuak egin izan dituela onartu ondoren.

Urrats honek Iparraldeko Kurdistango gatazkan sartuta dauden aldeak elkarrengana hurbiltzen hasteko eta elkar ulertzeko balioko duela pentsatzen dugu.

Espainiako Gobernua izaten ari den jarrera ez dator bat Kolonbia eta Turkiako gobernuek bizi dituzten gatazkak konpontzeko eman dituzten pausoekin.

Alderdi Popularrak jarrera inmobilista eta blokeatzailea izaten jarraitzen du Euskal Herriak bizi duen garai berriarekin bat ez datorren iraganeko diskurtsoarekin.

Herenegun, asteartean bertan bildu zen Aieteko Adierazpena, eta bere egunean sinatu zutenek adierazpen horren jarraipen batzordea eratuko dutela jakinarazi zuten. Gatazkaren konponbidea desberdinen arteko elkarrizketatik etorriko dela ere esan zuten.

Herenegun Aieten berriro bildu ziren askotariko ideiak biltzen dituzten alderdiak, baina PP eta PSOE ez ziren bertan izan.

Bakearen aldeko apustua egin ordez, norabide horretan doan ekimen oro oztopatzen ari da etengabe Mariano Rajoyren gobernua. Euskal gizartearen gehiengoaren nahiari muzin eginez bakea eta normalizazio politikoaren aurkako jarrera erakusten ari da.

Aieteko Adierazpenetik eta ETAk hari emandako erantzunetik iragan den denbora ikusita, AMAIURen irizten diogu Espainiako Gobernuak denbora berriari heldu egin beharko liokeela erantzun eraikitzailea emanez sortu den testuinguru berriari. Horixe da azken batean Kolonbian eta Turkian egiten ari direna.

Guk, gure partetik, ez dugu amore emango, Euskal Herrian sortu diren testuinguru eta itxaropen berri hauek sakontzeko bidean.

@ehbilducongreso