Sabino Cuadra eta Maite Aristegi Amaiurreko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur etxe desjabetzeei buruz: Lehenik eta behin, azken egunetako gertakarien ordena kronologikoa egitea komeni dela uste dugu.

Joan den ostegunean, ehun urte dituen Espainiako hipoteka legeak lehengo kritika juridikoak jaso zituen Europako erakundeetatik, kasu honetan Estrasburgoko epaitegitik.

Hurrengo egunean, euskal herritar batek bere buruaz beste egin zuen etxetik kaleratzera zihoazenean. Milaka herritarrek pairatzen duten egoera lazgarria agerian utziz erakunde, alderdi politiko eta eragile sozialen erreakzio soka luzea ekarri zuen gertaera triste eta tamalgarri horrek.

Etxe kaleratzeen arazoari irtenbidea emateko negoziazioa hasi zuten estatu espainiarrean PPk eta PSOEk. Gogora dezagun, hipoteken legean aldaketak egitera ukatu eta etxebizitza bankuari emanda zorra kitatzeko proposamenak atzera bota dituztela behin eta berriz bi alderdi politiko horiek azken urteetan. Era berean, bankuen patronalak (AEB) gai honekiko bere mugak zehaztuz prentsa komunikatua kaleratu zuen.

Hortik aurrera aski ezaguna da gertatu dena: Alderdi Popularraren gobernuak urgentziazko lege dekretua onartu zuen atzo. Dirudienez bi alderdi politiko horiek ez dute akordiorik lortu.

Hainbestetan aipaturiko merkatuen diktadurak, klase politikoaren gaineko finantza oligopolioen diktadura baino ez denak, botere horiekiko klase politiko horren menpekotasunaren adibide garbia baino ez digu utzi gaur.

Dekretua adabakia baino ez da Amaia Egañaren heriotzak/hilketak eragindako ahots kritikoak isil arazteko. Ustezko "gizatasun" irizpidez jantzitako adabaki horrek milaka eta milaka herritar bankuen aurrean babesik gabe egoten ahalbidetuko ditu.

Behin baino gehiagotan esan dugu. Ez gaude arrazoi humanitarioen aurrean, giza eskubide eta sozialen aurrean baizik. Ez da arazo teknikoa, politiko eta soziala baizik. Gaur gaurkoz, etxebizitza eskubidea bermatu gabe dago.

Aztertu dezagun.

Alderdi Popularraren gobernuak aurkezturiko neurriek ez dute legea ukitzen. Hipoteka, alokairu eta lurzoruaren legeek bere horretan segitzen dute. Gogora dezagun batetik, lege horiek ahalbidetu dutela bizi dugun egoera hau eta bestetik, Estrasburgoko epaitegiak adierazi legez kontsumitzaileak babesteko Europako araudiaren aurkako legeez ari garela. Familia "ahulenen" kasuan bi urteko luzamendua soilik aipatzen du lege dekretuak.

Neurriok ez dute atzera eraginkortasunik. Hau da, etxebizitza galdu dutenek ez dute berreskuratzeko aukerarik izango. Espainiako gobernuaren arabera alokairu merkeko etxebizitzak jasotzeko aukera izango dute. Gogora dezagun ordea, azken urteotan 400.000 hipoteka exekutatu edo gauzatu eta 185.000 etxe kaleratze izan direla estatu osoan. Zein etxebizitzaz ari da Espainiako gobernua?, Nondik aterako du horrenbesteko etxebizitza kopurua?, Nola kudeatuko du?, Noizko?

Etxea ematearekin batera zorra kitaturik dagoela ez du aipatu Alderdi Popularrak. Ekonomia ministroaren arabera "zorrak eta interesak itzuli egin behar dira". Hau da, etxea emanda ez da zorra kitatzen.

Berriz diogu; aurreko egunetan Espainiako bankuek zehazturiko baldintzekin bat datoz Alderdi Popularraren gobernuak aurkeztu dituen neurriak.

Bankuei laguntzeko dirua badago, baina pertsonei, herritarrei laguntzeko ez. Are gehiago, "Banku Txarra" delakoak milaka etxebizitza prezio "merkean" salduko ditu berriz ere baten batek negozioa egiten jarraitu dezan.

Argi dago Madrilek ez duela ez gaitasunik ez borondaterik arazo larri honi aurre egiteko. Beraz, guri dagokigu, euskal gizarteari dagokio proposamen eraginkorrak aurkeztu eta egoera honi irtenbidea ematea. Ezinbestekoa da eragile politiko, sozial eta sindikalen artean sakoneko eztabaida bat piztea. Ezkerreko indar subiranisten batasunak "Etxebizitza Institutu Publiko" baten eratzea proposatzen du.

Azkenik, bihar larunbatean, azaroaren 17an, Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia luzatzen diegu euskal herritarrei.

@ehbilducongreso