Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak azpimarratu egin du Cecilia Malström Europako Barne Komisarioaren aurrean, Europako Batzordeak Ipar Irlandako zein beste herrialde batzuetako gatazken konponbidean izandako parte hartzea. "Europako Batzordeak PEACE planean izandako esku hartzea zeharo garrantzitsua izan zen", esan du.

Malströmek Diputatuen Kongresuan egindako bileran izan dira PP, PSOE eta Amaiurreko ordezkariak, eta Iñarrituk aukera baliatu du Aieteko Adierazpenak ezartzen duen bide orriaren garrantzia azpimarratzeko. "Zailtasunak zailtasun eta trabak traba, ekimen honek aurrerapausoak eman nahi ditu bake egonkor eta iraunkorrerako bidean", diputatu soberanistaren berbetan.

Bere interbentzioaren amaieran gogorarazi du, nola urtebete igaro den ETAk alde bakarreko adierazpena egin zuenetik jarduera armatua bertan behera utziko duela iragarriz. Hori dela eta, Europako Komisarioari dei egin dio, "Euskal Herria izeneko europar herrialde honetan bake egonkorra eta iraunkorra izateko lanean laguntzeko".

@ehbilducongreso