Frankistak omendu ziren ekitaldi batean Jose Antonio Nieto Espainaiko Estatuko Segurtasun Idazkariak parte hartu zuelako, Ppren Gobernuari zuzendutako galdera sorta bat erregistratu du Kongresuan Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak.

EH Bilduk jakin ahal izan duenez, “Jaungoikoagatik eta Espainiagatik eroritakoei” eskainitako omenaldiak egin zituzten Kordobako Dos Torres udalerrian eta Morongo base militarrean, eta bertan agintari zibilek eta militarrek parte hartu zuten. Parte-hartzaileen artean zegoen Jose Antonio Nieto Estatuko Segurtasun Idazkaria. Asunciongo elizan dagoen monolitoan egindako ekitaldian egon zen Nieto; Memoria Legea urratzeagatik salatua izan zen monolitoa, baina erretiratu gabe jarraitzen du.

Beitialarrangoitiaren ustean, “onartezina” da ordezkari publikoek frankistei eskainitako omenaldi ekitaldietan parte hartzea. Era horretara, galdera sorta erregistratu du Kongresuan. Besteak beste, PPren gobernuari galdetzen dio ekitaldi horretan parte hartzea ez ote den arrazoi nahikoa Nieto kargutik kentzeko edo bere dimisioa exijitzeko.

@ehbilducongreso