Gaur, azaroaren 8a, Alderdi Popularraren gobernuak pentsio eta erretretei buruzko bi txosten aurkeztu ditu Toledoko Itunaren jarraipen batzordean. Txosten horietako bat erretiro pentsioak jasotzeko bateragarritasunei buruzkoa da, eta bestea, erretiro aurreratua eta erretiro partzialari buruzkoa. Honen aurrean, hauxe adierazi nahi du Amaiurrek:

1.- Erabat arbuiagarria da gazteen langabezia tasa %50 baino handiagoa izan eta egoera honi aurre egiteko neurri eraginkorrik hartzen ez denean, adinekoek lanean eman beharreko epea luzatu nahi izatea. Neurri honek ez du irtenbiderik eskaintzen. Are gehiago, gazteen kontratazioa eta kotizatzaile berrien bitartez Segurantza Sozialaren egoera hobetzea zailtzen du.

2.- Aipatu bi txostenek, batetik, ez dituzte hartuko diren neurrien zenbatekoa zehazten eta, bestetik, erretiro aurreratua eta errelebo kontratua izateko aukerari Espainiako gobernuak jarri nahi dizkion zailtasunak agerian uzten dituzte. Besteak beste, hainbat neurri iragartzen ditu PPren Gobernuak; erretiro aurreratua jasotzeko langile publikoen ezintasuna, kotizatu beharreko gutxieneko epearen handitzea, erretirora iristeko adinaren luzatzea, erretiro partzialaren pentsioa murrizten duten koefizienteen handitzea eta kalkulu horien txikitzea, errelebo kontratuen iraupenaren luzapena...

3.- Neurri horiek guztiek zehaztu ez diren helburu jakin batzuk dituzte. Pentsioen murriztea batetik. Kasu honetan, diru sarrera nahikoa izateko beste enplegu bat lortzera (pentsioa + enplegu berria/soldata gehigarria) behartuko dituzte langileak eremu legal berri baten bitartez. Eta bestetik, bankuek eta inbertsore handiek kontrolaturiko funts pribatuen pentsioen sustapena.

4.- Amaiurrek, beste behin ere, gure herriarentzat (Euskal Autonomia Erkideoa + Nafarroako Foru Erkidegoa) segurantza sozialari eta pentsioen erregimenari dagozkion konpetentzia guztiak eta erabatekoak aldarrikatzen ditu, zeintzuen bitartez eta tendentzia pribatizatzaile oro baztertuz, gutxieneko pentsioak hobetu eta erretiroan dauden pertsona asko eta asko pobreziatik aldentzeko aukera izan dezagun. Era berean, burujabetasunerako tresna horiek gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta gizarte elkartasuna garatzeko aukera handiagoak eman diezazkigukete.

5.- Azkenik, salagarria da oso azaroan egin beharko litzatekeen pentsioen handitzearen gaineko PPren Gobernuaren isiltasuna. Modu honetara, Estatu osoko bederatzi milioi pentsiodunak suspentse edo itxaronaldi sadiko batean uzten ditu Alderdi Popularrak. Seguruenera, beraien erosteko ahalmena murriztuko du Espainiako gobernuak.

@ehbilducongreso