Castejongo zentral elektrikoa berriz ere Diputatuen Kongresura itzuli da EHBilduren eskutik.

Oraingoan, Marian Beitialarrangoitiak idatzizko hainbat galdera egin ditu. Besteak beste, joan den urriaren 18an Espainiako Auzitegi Gorenak kaleraturiko ebazpena betetzeko asmorik duen galdetu dio Rajoyren gobernuari. Ebazpen horren arabera, Castejongo zentralak ez dauka martxan jarri eta energia elektrikoa ekoizteko beharko lukeen baimenik.

Bozemaile subiranistak Espainiako gobernuari galdetu dio zer egin duen ebazpena betetzeko. Ildo beretik, Castejongo zentrala martxan dagoen ala ez argitu dezala eskatu dio Alvaro Nadal energia ministroari.

Marian Beitialarrangoitiak adierazi duenez “EHBilduk ez du amore emango Espainiako gobernuak Auzitegi Gorenaren ebazpena bete arte”. Diputatu subiranistak gogor kritikatu du PPren energia politika: “korporazio handi eta energia enpresen alde jotzen du beti Espainiako gobernuak, eta bien bitartean, energia pobrezia zabalduz doa estatu osoan zehar”.

@ehbilducongreso