Diputatu subiranistak EAJ kritikatu du PPren gobernuak inposatutako gastu muga onartu duelako. “EAJk txikira jokatzen jarraitzen du”, esan du. Koalizio subiranistak salatu du PPk ez duela iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko“inolako” borondate politikorik.



Espainiako Gobernuak aurrekontuen arloan onartutako egonkortasun helburuaren aurka agertu da EH Bildu. Marian Beitialarrangoitiak adierazi duenez, gastu muga %0,1 igo arren, muga hori babestea “austeritate politikan sakontzea da, murrizketa gehiago eta are gogorragoak ekarriko ditu eta, gainera, defizit helburuen banaketa ontzat ematea da, autonomia erkidegoei defizitaren kontrolean zama handiagoa ezarriz”.

Ildo horretan, diputatu subiranistak salatu du diru sarrerak gehitzeko iragarri diren neurriak ez direla “inondik ere nahikoak” eta “kaltegarriak” ere izango direla.

Halaber, Beitialarrangoitiak adierazi duenez, defizit helburua malgutu izanak “ez digu aldaraziko gure zorpetze politiken, erritmoaren eta lehentasunen inguruko erabakiak geuk hartzeko eskubidearen aldeko jarrera”.

Kritikak EAJri

Euskal diputatuak esan duenez, “gure zorpetze politikak geuk erabaki ondoren, Estatuarekin negoziatuko genuke politika horiek inplementatzeko modua, gaur egun ez dagoen eta, tamalez, ez aurreko lehendakariek ez oraingoak arakatu nahi izan ez duten aldebiko harreman baten bidez. Izan ere, aldebikotasuna ez da Estatuak esaten duena besterik gabe onartzea”.

EH Bilduko bozeramailearen arabera, “norabiderik gabeko PSOE batek eta txikira jokatzen jarraitzen duen EAJ batek orain arteko austeritate eta murrizketa politikekin jarraitzea ahalbidetuko diote gobernuari, eta hori ez da, inondik inora ere, garai honek eskatzen diguna”.

@ehbilducongreso