Euskal senatariak barne ministroari galdetu dio espetxe politika “krudela” aldatzeko asmorik duen.

Iñaki Goioagak eta Espainiako barne ministroak buruz buruzkoa izan dute gaur euskal gatazkaren konponbidean batzuen eta besteen jarrera agerian utziz. Batek konponbideaz hitz egin duen bitartean, besteak errepresioaz hitz egin du.



“Ministro jauna erabat okertua dago presoez soilik hitz egiten ari naizela uste badu. Sufrimendu handia eragin duen ziklo politiko bati amaiera emateaz ari naiz”, esan du Goioagak. Senatari subiranistaren arabera, “politikarien ardura ez da soilik arazoak eta gatazkak konpontzea, horiek guztiak berriz ez gertatzeko konponbidea bilatzea baizik”.

Ildo horretan, Goioagak esan du “errepresioak eta indarrean dagoen espetxe legeriak ez gaituztela konponbidera hurbiltzen”.

Bere ustez, “inork ez du sufrimenduaren monopolioa, ez eta biktimena ere, baina une honetan Estatuak dauka sufrimendua eragiteko monopolioa”.

“Gaur ministro jaunaren esku dago sufrimenduari amaiera eman eta gatazkari bere osotasunean konponbidea aurkitzea. Presoen auzia justizia transizionalaren parametrotan kudeatu behar da”, esan du. Senatari subiranistak adierazi duenez, “euskal gizartearen gehiengoak, Iruñea eta Gasteizko Parlamentuetako gehiengoak eta baita ETAren biktima batzuek ere espetxe politikaren aldaketa nahi dute”.

Barne ministroak entzungor egin die EHBilduko senatariaren aldarrikapen eta argudioei eta ez duela espetxe politika aldatuko esan du.

@ehbilducongreso