- Beitialarrangoitiak Alderdi Popularrra eta bere politikak txalotzea leporatu dio PSOEri eta lan harremanen euskal esparruaren beharra nabarmendu du.

- Espainiako gobernuak onartu duen gastu mugak euskal erakundeak itotzen jarraituko duela salatu du diputatu subiranistak. EH Bilduk Kongresuan duen bozemaileak gogor kritikatu du lanbide arteko gutxieneko solada %8 igotzeko Rajoyren gobernuak hartu duen erabakia.

Euskal diputatuaren hitzetan, 707 €-ko gutxieneko soldata “oso eskasa” da. Adierazi duenez, euskal herritarroi “dagokigunaren ia erdia” da Espainiako gobernuak onartu duena eta gogoratu du Europako Karta Sozialaren arabera, Euskal Herrian 1.200 €-tik gorako gutxieneko soldata izan beharko genuke.

“PP eta bere politikak txalotzen eta babesten ditu Alderdi Sozialistak eta urrats handi bezala aurkezten digu igoera barregarria dena. Adar-jotze bat da. Euskal Herriko langilegoak ez du hau merezi”, esan du.

Beitialarrangoitiak berriz ere aldarrikatu du lan harremanen euskal esparrua. Bere ustez, “ezinbesteko” baldintza da hori Euskal Herriko langileen interesak defendatzeko. Ildo horretan, EHBilduko diputatuak gogoratu du duela egun gutxi PODEMOSek, PPk, PSOEk eta CIUDADANOSek autonomia erkidegoek gutxieneko soldata arautzeko ahalmenaren aurka bozkatu dutela Kongresuan. “Hitz gutxitan, euskal langileei bizkarra eman diete gure errealitate ekonomiko eta soziala ukatuz”, adierazi du.

 

Gastu muga

Marian Beitialarrangoitiak bere ezadostasuna agertu du ere bai Espainiako gobernuak onartu duen gastu mugarekin. Salatu duenez, Madrilgo gobernuak “gure erakundeak itotzen ditu, udalak bereziki”.

Bere ustez, burujabetzarik ez izateak “Madrilen menpe jarraitzea suposatzen du, eta beraz, beraiek inposatzen diguten politiken menpe egotea”.

 

 

 

 

@ehbilducongreso