Marian Beitialarranbeitia diputatuak finantzez, fiskalitateaz, kupoaz, elkartasunaz, austeritateaz, zorraz, lurraldetasunaz eta erabakitze eskubideaz hitz egin du gaur Kongresuko konstituzio batzordean Espainiako presidenteordeak egin duen agerraldian.

Besteak beste, alor politikoan lortu ezin duena Konstituzio Epaitegiaren bitartez lortu nahi izatea leporatu dio Beitialarrangoitiak Espainiako presidenteordeari. Ildo horretan, Madril eta Gasteiz eta Iruñeako gobernuen artean aldebiko harremanik dagoenik ukatu egin du bozemaile subiranistak.

Gogor kritikatu ditu ere bai azken urte hauetan PPren gobernuak indarrean jarritako politika ekonomiko eta sozialak. “Gure zorra zein izan behar duen guk geuk erabaki nahi dugu. Hau da, ez dugu guk sortu ez dugun zorrik ordaindu nahi. Eta zuek horretara behartzen gaituzue”, esan du Beitialarrangoitiak.

EH Bilduren helburua Euskal Errepublika eraikitzea den arren, euskal diputatuak argi utzi dio Saenz de Santamariari “ez dugula inolaz ere gure subirania (autogobernua) apurra murriztea onartuko”. Ildo horretan, “elkartasunaren izenean”, baten batzuek gure burujabetza murrizteko tentazioaz ohartarazi du Beitialarrangoitiak.

EH Bilduk argi dauka, bere bozemailearen arabera, “estatuaren zerbitzu publikoen arazoa ez dela EAEko kontzertu ekononomikoa eta Nafarroako komenioa, PPren austeritate politikak baizik”. Kupoari lotuta, Beitialarrangoitiak esan du “dagokiguna baino gehiago ordaintzen dugula euskal herritarrok”. “Gure lehentasuna ez da bankuen zorra ordaintzea, ez eta armamentua erostea edo eta erregearen oporrak ordaintzea. Baina gastu soziala lehenesten bada gure elkartasuna eskaintzeko prest gaude. Noski”, esan du.

Hitzartze osoa

@ehbilducongreso