Koalizio subiranistak Toki Erakundeen alde egin du legez besteko proposamen baten bidez. Marian Beitialarrangoitiak salatu duenez, lege horrek “estatuko erakundeen menpe uzten ditu udalerriak eta Toki Erakundeak”.

EH Bilduk gaur aurkeztu duen ekimenak bi puntu ditu eta PPk iragan legealdian onartutako legea atzera botatzeko eta indargabetzeko eskatzen dio gobernuari.

Azalpenen atalean, EH Bilduk aurkeztutako proposamenak dio lege hori Toki Erakundeen kontrako “eraso zuzena” dela, “haien existentziaren eta eskumenen kontrakoa”. Gainera, koalizio subiranistaren ustez, PPren “arrabolak” iragan legealdian onartutako legeak izaera birzentralizatzailea du eta izugarri kamustu eta mugatzen du toki administrazioaren funtzionamendua.

Marian Beitialarrangoitiaren arabera, lege horren bidez administrazio publikoa birdimentsionatu nahi izan da, enplegua suntsituz eta lan baldintzak kaskartuz, eta, gainera, legeak “zerbitzu publikoen erabilera” baldintzatu du.

Bozeramaile subiranistak salatu duenez, lege horrekin “beren etorkizuna ukatzen zaie” Euskal Herriko Toki Erakundeei nahiz estatu osoko udalerriei.

“Lege hau udalen autonomiaren kontrako eraso zuzena da, herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko ahalmena kentzen die Toki Erakundeei eta estatuko erakundeen menpe uzten ditu”, salatu du koalizio subiranistak.

@ehbilducongreso