EH Bilduk Kongresuan duen bozemaileak Alucheko CIE atxikitze-zentroa ezagutzeko aukera izan du beste diputatu batzuekin batera barne ministerioak antolaturiko bisita gidatu batean. Bisita bukatu orduko, “Alucheko CIE zentroa espetxe bat dela” esan du Marian Beitialarrangoitiak.

Bere esanetan, zentroko arduradunen arabera atxikitze-zentroan “eskubide guztiak errespetatzen dira”. Hala ere, Beitialarrangoitia kexu azaldu da ez dutelako bertan daudenekin kontakturik izan.

“Bisitatu dugun gunea eraberritze lanetan dago eta une honetan ez dago inor bertan”, salatu du. “Gardentasun bezala saldu nahi izan digutena erabat antolaturiko bisita izan da, eguneroko errealitatearekin zer ikusirik ez duena”, esan du.

Diputatu subiranistak adierazi duenez, zentroko arduradunen arabera “Alucheko CIEan eskubide guztiak errespetatzen dira eta horren froga da inor ez dutela tratu txarrengatik zigortu”. Hala ere, Beitialarrangoitiaren ustez, horrek ez du esan nahi “zentroko bizi baldintzak duinak direnik”.

@ehbilducongreso