Koalizio subiranistak eutsi egin dio Rajoyk parlamentuko talde guztiei botatako desafioari. “Horretarako prest dauden guztiekin hitz egin nahi duela? Bada, jar ditzala eguna, ordua eta lekua. Bertan izango gara”. Hala erantzun dio Marian Beitialarrangoitia diputatuak.



EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea oso kritiko agertu da PSOEk gobernua Mariano Rajoyri emateko hartu duen erabakiarekin. Beitialarrangoitiak Espainiako estatua osatzen duten nazioen erabakitzeko eskubidea jarri du PSOEren azken maniobraren erdigunean. “Hain zuzen ere, horrexek eraman du Koalizio Handia hobestera”, adierazi du. Eta honakoa gehitu du: “apurtua baino gorria nahiago izatetik demokratikoa baino urdina nahiago izatera pasatu gara”.

Haren iritziz, frankismoaren osteko erregimenaren bi “zutoin” nagusiak diren PP eta PSOE alderdiek berriro erabaki dute Espainiaren batasuna lehenestea PPren politika “antisozialek” “zigortutako” herritarren interesen gainetik. Beitialarrangoitiaren ustez, PSOEk nahiago izan du bere sinegarritasun galera areagotzea, PPri sostengua ematea eta herritar guztien ongizateari “eraso egiten” jarraitzen uztea, Estatuaren demokratizazioan urrats bat ere ez egitearren. Euskal diputatuaren aburuz, benetako aldaketa demokratikoa zeharo “ezinezkoa” da.

Beitialarrangotia berriz ere agertu da “benetako demokrazia” ekarriko luketen eta euskal herritarrei justizia sozialean, bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizun bat eraikitzea ahalbidetuko lieketen prozesu eratzaile propioak bultzatzearen alde. “Gure herrien gehiengoaren nahiari erantzun nahi badiogu, hala Kataluniako herritarrek nola euskal herritarrok geure bidea egin behar dugu”, adierazi du.

“Aurrerantzean, Euskal Herrian bilatuko ditugu benetako aldaketak. Aldaketa posiblea da Euskal Herrian, horretarako materia, baldintzak, indar harremana eta giza kapitala ditugulako. Horretarako borondate politikorik dagoen argitzea da falta zaigun bakarra”, esan du.

Rajoyrekin hitz egiteko eguna eta ordua



Rajoyk desafioa bota die parlamentuko talde guztiei, “hitz egin nahi duten guztiei” elkarrizketa eskainiz, eta Marian Beitialarrangoitiak berehala eutsi dio erronkari. “Eguna, ordua eta lekua jartzeko” eskatu dio, EH Bildu bertan izango dela adieraziz.

@ehbilducongreso