PP ez Kongresuko talde parlamentario guztiei beren jarrera ona eskertu die Beitialarrangoitiak, adostasun zabalak bilatzeko helburuarekin mugitzeko gai izan direlako.

Gatazkaren ondorioetan konponbideak bilatzerako orduan, alde guztiei mugitzeko deia egin die Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak. “Alde bakoitza bere konfort egoeratik atera behar da. Adostasunak bilatzerako helburuarekin, gu gai izan gara gure jarreratik irten eta mugitzeko, eta gaur ikusi ahal izan da hori posible dela. PPren kasuan izan ezik. Alderdi Popularra blokeo jarreran harrapatuta dago, eta agerian uzten du ez daukala borondate izpirik aurrera urrats txikiena emateko”.

Era horretara, Madrilgo Kongresuan gaur aztertu den eta azkenean onartu ez den adierazpen instituzionalari erreferentzia egin dio Beitialarrangoitiak. “Testuak erabat asebetetzen ez gintuen arren”, azaldu du Beitialarrangoitiak, hiru hitz aldatzea baino ez du eskatu. “Eskatu dugu elkarbizitza orainaldira ez mugatzeko oraindik baldintza guztiak ez daudelako, eta etorkizuneko elkarbizitza terminoa erabiltzea proposatu dugu. Bestalde, biktima guztiak aintzat hartzea eskatu dugu, ez ETAk eragindakoak bakarrik. Amaitzeko, desegiteko edo ez desegiteko erabakia soilik ETAri dagokiola uste dugu, baina bai eska diezaiokegula armagabetzean urratsak ematea”.

EH Bilduk egindako aldaketa proposamenei baiezkoa erantzun diete Kongresuko talde parlamentario guztiek, PPk izan ezik, eta horrenbestez, ezin izan da onartu adierazpen instituzionala. “Eskertzekoa da talde parlamentario guztiak izan duten jarrera, PPk salbu. Mugitzeko gai izan dira, gu ere mugitzeko gai izan garen bezala. Horixe da guztiok izan beharko genuen jarrera eraikitzailea, eta jarrera eta bide honi eutsita bakarrik lortuko dugu gatazkaren ondorio guztiei konponbidea bilatzea”.

@ehbilducongreso