Koalizio subiranistak Pedro Morenesen urgentziazko agerraldia eskatu du joan den irailean Bardeetan izan ziren eta azken egun hauetan ere izaten ari diren ariketa militarrei buruzko azalpenak eman ditzan.

EHBilduk ez ditu ahaztu joan den irailean Espainiako indar militarrek Bardeetako tiro eremuan egin zituzten ariketak. “Jakin dugunez, azken egun hauetan ere mugimenduak izan dira bertan. Azalpenak nahi ditugu”, esan du Oskar Matute diputatuak.

Ildo horretan, diputatu subiranistak Espainiako gobernuari eskatu dio “tiro eremua desegin dezala behin betiko. Horrela, Nafarroak lur eremu hori guztia berreskuratuko luke eta gizartearentzat hobea den erabilpena emango lioke. Onuragarria litzateke gizartearentzat”.

Matutek gogoratu duenez, “urte gehiegi igaro dira Parke Naturala eta Biosfera Erreserba militarren mesedera erabiltzen dutenetik. Nafarroako herritarren interesen aurka erabiltzen ari dira beraz. Eta hori onartezina da”.

@ehbilducongreso