Koalizio subiranistak aurkezturiko legez besteko proposamenak pobreziaren mugatik beherako pentsiorik ez izateko bermea eskatzen dio Espainiako gobernuari. Horrezaz gain, Gizarte Segurantzako eskuduntza guztiak EAE eta Nafarroara transferitzeko eskaria ere egin dio Rajoyren gobernuari.

EH Bilduk pobreziaren mugatik beherako pentsiorik ez izateko bermea nahi du. Marian Beitialarrangoitiak gogoratu duenez, “Europako Batasunaren arabera, pobrezia muga lurralde jakin bateko langileen soldataren %60a litzateke. Eta Europako Karta Sozialak dio, Lan arteko Gutxieneko Soldatak bataz besteko soldata garbiaren %60a behar luke. Euskal Herriaren kasuan, 1.080€”.

Gainera, EH Bilduk aurkezturiko legez besteko proposamenak Gizarte Segurantzari dagozkion eskuduntza guztien transferentzia eskatzen du ere bai. Are gehiago, arlo horretan Euskal Herriak esparru propio eta burujabea behar duela aldarrikatu du koalizio subiranistak.

Marian Beitialarrangoitiaren arabera, “pentsioen erregimenaren defizitaren irtenbidea PPren gobernuaren kontrako norabidean aurkitu behar da. Hau da, sistemari diru sarrera gehiago ekarriko dion politika sustatu behar da”.

@ehbilducongreso