Bilbo eta Enkarterri lotzen dituen trenbidearen egoerari buruzko informazioa jaso asmoz Sustapen ministerioari zuzenduriko idatzizko hainbat galdera egin ditu koalizio subiranistak Diputatuen Kongresuan.

Marian Beitialarrangoitia diputatuak gogoratu duenez, trenbidearen zati batzuren egoera “eskasa” dela eta trenaren abiadura murrriztu behar izan dute.

Euskal diputatuak Bizkaiko Renferen Enpresa Batzordearen salaketa bere egin du eta Espainiako gobernuari “abiadura handiko trenaren mesedetan trenbide sare konbentzionalean inbertsiorik ez egitea” leporatu dio.

Besteak beste, Bilbo-Balamaseda trenbidean inbertsiorik ez egitearen arrazoiez galdetu dio koalizio subiranistak Sustapen ministerioari. Eta ildo horretan, datozen hilabeteetan konponketa eta berrikuntzarik aurre ikusita dagoen jakin nahi du EHBilduk.

Era berean, azken hamar urte hauetan trenbide horretan izan diren istripu eta gertaerei buruzko informazioa eskatu du Beitialarrangoitiak. Azkenik, trenbideen gaineko eskuduntzen transferentzia gauzatzeko asmorik duen galdetu dio koalizio subiranistak Espainiako gobernuari.

@ehbilducongreso