Batzuk aldarrikatzen duten Espainiaren batasunaren aurrean, EH Bilduk PNV eta Podemosi eskua luzatu eta “herri akordioak” proposatu dizkie.

Marian Beitialarrangoitiak argi hitz egin du eta Rajoy, Alderdi Popularra eta beraien politika antisozialak boteretik botatzearen “beharra” nabarmendu du. “Euskal gizarteak eta baita espainiarrak ere, ez dute gobernu hori merezi”, esan du EH Bilduren bozemaileak.



Zentzu horretan, diputatu subiranistak LOMCE, koordainketa farmazeutikoa, abortoaren legea eta lan eta pentsioen erreformak indargabetzea exijitu du. Eta defizitari dagokionean, Beitialarrangoitiaren ustez, “garrantzia erlatiboa izan behar du horrek, ez behintzat, okerren dauden herritarren erreskateak duena baino gehiago”.

Hala ere, euskal diputatuak argi utzi du EH Bildu ez dela PPren politika atzerakoiak indargabetzearekin konformatuko eta “benetako” aldaketa eskatu du. Bere hitzetan, aldaketa benetakoa izan dadin herritarren erabakitze eskubidea errespetatu, salbuespen neurriak eta espetxe politika indargabetu eta azken hamarkadetan “lapurtu dizkiguten” lan eskubide eta eskubide sozialak berrezarri beharko lirateke.

Nekez eratuko diren gehiengoak

Beitialarrangoitiak etsipen handia agertu du Espainiako estatuan “benetako aldaketaren aldeko gehiengoak” eratzeko aukeraz. “Zoritxarrez, jakitun gara nekez eratuko dela Espainiako estatuan horren guztiaren aldeko gehiengorik, are gehiago, ezinezkoa dela uste dugu, nahiz eta gero eta gehiago garen erabakitze eskubidearen aldeko herritarrak”, esan du.

Horregatik, diputatu subiranista Podemosi zuzendu zaio zera esateko: “erabakitze eskubidearen aldeko defentsa zintzoa bada, baina benetako aldaketa emango ez dela ziur bagaude, bide hori egitea posible den herrietan (Katalunia, Euskal Herria eta Galizan) apustu horren alde argi eta garbi egin dezatela”.

Euskal alderdiei eskaintza

Beitialarrangoitiak aukera baliatu du joan den asteburuan Arnaldo Otegik mahai gainean jarritako eskaintza berriz ere EAJ eta Podemosi proposatzeko. Diputatu subiranistak “bidea elkarrekin” egitera gonbidatu ditu “justizia sozialean eta pertsona guztientzako eskubide zibil eta politikoetan oinarrituriko etorkizun hobea eraikitzeko”. Izan ere, bere esanetan, “batzuk aldarrikatzen duten Espainiaren batasunaren aurrean, EH Bilduk herri akordioak proposatzen ditu”.

“Zuek 78ko erregimena indartu nahi duzue, guk aldiz, demokratizazioa eta justizia soziala nahi ditu”, esan du PP, PSOE eta Ciudadanosi zuzenduz.

Beitialarrangoitiak ziurtatu duenez, Otegi “gure lehendakarigaia zen, da eta izango da”.



@ehbilducongreso