Bere esanetan, “egoera honek agerian uzten du lau alderdi espainiar nagusien porrota azken hilabete hauetako euren jardunean”.

EH Bilduk Madrilen duen bozemaileak esan du lau alderdi espainiar nagusiak ez direla “benetan serio” jartzen aukera bat edo beste ahalbidetzeko. Bere ustez, “alderdikeriaz” jokatzen ari dira: “etekin pertsonaleko kalkuluetan daude gehiago herritarren behar izanei erantzuteko kalkuluetan baino”.

ETBri eginiko adierazpenetan, Beitialarragoitiak esan du gaurko Diputazio Iraunkorraren osaketak “gehiago hurbiltzen gaituela hirugarren hauteskundeetara benetan legislatura martxan jartzera baino”. Bere hitzetan, “hau bat dator alderdi espainiar nagusiak izaten ari diren jarrerarekin. Gobernu baten osaketaren premiaz hitz egin baina benetako ahaleginik ez dira egiten ari. Kalkulo propioak egiten ari dira, hauteskundeak errepikatuz gero horrek ekarriko dien onura kalkulatzen ari dira”.

Beitialarrangoitiaren arabera, honek guztiak ekarri duen egoera da “ia urtebetez gobernu bat dagoela funtzioetan, erabaki asko hartu dituena herritarren ongizatearen kontra eta ez dena herritarren beharrak erantzuteko neurriak hartzen ari”. Are gehiago, erantsi du, “gainerako alderdiek ere ez dute probestu”.

Diputatu subiranistak esan duenez, “galdu egin dugu urtebete, benetan herritarren beharrak erantzuteko egin diren politikak zuzentzeko neurririk ez dugu hartu eta horrek erakusten duena da alderdi nagusien porrota”. “Egoera lotsagarri baten aurrean gaude”, gehitu du.

@ehbilducongreso