Beitialarrangoitiaren arabera, “beste ezer baino eserleku jokoa zirudien” gaur goizean Kongresuan ikusi dutena.

Marian Beitialarrangoitiak baieztatu duenez EH Bilduko bi diputatuek zuri bozkatu dute Kongresuko Mahaiko kideak aukeratzeko bozketa guztietan.

Diputatu subiranistaren arabera “hautagai bat bera ere ez du Kongresuko jarduera demokratizatzeko proposamenik aurkeztu”. Eta gogoratu duenez, aurreko legealdian, gehiengo kontserbadorea zuen Mahaiko presidente zela, Patxi Lopezek “Talde Mixtoko jarduera zaildu eta batzorde parlamentarioetako bere ordezkaritza murriztu zuen”.

“Egoera honetan, proposamen argirik eta edukirik gabe, gaurkoak, beste ezer baino eserleku jokoa zirudien eta horregatik ez dugu hautagairik babestu. EH Bilduk ez du txeke zuririk ematen”, esan du.

Edozein kasutan, Beitialarrangoitik berretsi duenez, “koalizioak Rajoy eta Alderdi Popularra boteretik kentzeko erabateko konpromisoa dauka”. Are gehiago, euskal jendartearen mandatua “argia” izan dela gogoratu du eta beraz, “gainontzeko ezkerreko alderdiekin akordioetara iristeko asmoa izaten jarraitzen du EH Bilduk”.

Hala ere, argi utzi nahi izan du “inork ez dezala aldaketa kosmetiko bat espero. Argi esan dugu, esaten dugu eta esaten jarraituko dugu: euskal herritarrek benetako aldaketa nahi dute, eta ez gezurretako aldaketa bat”.

@ehbilducongreso