Beitialarrangoitiaren arabera, “herri honen aldarrikapenak, interesak eta aldaketarako nahia defendatzeko modurik eraginkorrena euskal alderdiek bat egin eta eskutik helduta herri gisa aurkeztea da”.

Marian Beitialarrangoitia diputatu hautatuak elkarlanerako deia egin die Madrilen ordezkaritza lortu duten gainontzeko euskal alderdi politikoei. “Aurreko legealdian bezala, oraingoan ere euskal agenda gure herriaren erabakitze eskubidea defendatzen duten alderdi politiko guztien arteko elkarlanaren bitartez sustatzea proposatzen dugu”, esan du. Bere hitzetan, “euskal herritarren agenda lehen unetik garatu beharra dago. Lehen kontaktu errondatik. Lehen bileratik”. Ildo horretan, aurreko legealdian hasitako bideari berriz ere ekiteko EH Bilduren eskua “luzaturik” dagoela adierazi du.

Kongresuko alderdi politikoekin Alderdi Popularrak hasi duen erronda kontaktuari dagokionez, Beitialarrangoitiak esan du “herri honen zati garrantzitsu bat kontaktu erronda horretatik kanpo utzi izana ez dela bat ere hasiera ona”. Are gehiago, nabarmendu duenez “jarrera baztertzaile horrek agerian utzi du Alderdi Popularrak ez duela herri honek dituen arazoak konpontzeko benetako borondaterik. Alderdi Popularrari bost axola euskal herritarren arazoak, nahiak, aldarrikapenak eta aldaketarako gogoak”.

Bere esanetan, bi alderdi politikoen arteko negoziazio eredua “agortua” dago. Are gehiago, azken urteetako emaitzak ikusirik “argi dago eredu horrek ez duela emaitza onik eman eta herri honek ez diola etekinik atera negoziazio eredu horri”.

EH Bilduren diputatu hautatuaren arabera “ordua da alderdikeriak alde batera utzi eta herri gisa aritzeko”. “Herri honen izenean hitz egin behar bada guztiok batera, indarrak batuz egin dezagun. Modu horretara soilik egin diezaiekegu aurre Alderdi Popularrari eta Espainiako gobernuari. Bestelako formula alderdikoiek porrota besterik ez dakarte”, esan du.

Beitialarrangoitiaren hitzetan, “herri honen aldarrikapenak, interesak eta aldaketarako nahia defendatzeko modurik eraginkorrena euskal alderdiek bat egin eta eskutik helduta herri gisa aurkeztea da”.

@ehbilducongreso