EH Bilduk proposatu bezala, zerga paradisuetan aritzen diren pertsona eta enpresen zerrenda argitaratu beharko da eta, enpresen erantzukizun soziala arautzean, ezinbestekoa izango da zerga paradisuekiko harremanik ez izatea.

EH Bilduk proposatu bezala, Legebiltzarrak legez besteko proposamena onartu du gaur zerga paradisuak ezabatzeko. Leire Pinedoren eskakizunari jarraiki, Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek osatzen duten Zerga Iruzurraren Aurkako Batzordeak kontrolak zorroztu beharko ditu egoitza fiskala edo negozio atala EAEn duten eta zerga paradisuetan aritzen diren pertsona eta enpresen gainean, eta pertsona eta enpresen horien zerrenda osatu eta argitaratu beharko du. Halaber, enpresen erantzukizun soziala arautzean, enpresek zerga paradisuetan egoitzarik edo filialik ez izatea ezinbestekoa izan dadila galdegin du Legebiltzarrak, EH Bilduren tesia ontzat emanda.

Leire Pinedo pozik agertu da lortutako akordioarekin, “paradisu fiskaletan aritzen direnen zerrenda argitara emateak dagozkien zergak hemen ordaintzea ahalbidetuko duelako, horixe baita azken batean helburua”. Enpresen erantzukizun sozialari dagokionez, “urratsa egin dugu erantzukizun hori egiazkoa izan dadin, enpresa handiek euren irudia zuritzeko erabiltzen duten marketing estrategia bihurtu ez dadin”.

Panamako paperek agerian utzi duten moduan, aberatsenek ordaindu beharreko zergak ez ordaintzeko erabiltzen dituzte zerga paradisuak. Europar Batasunean bi bilioi euro galtzen dira urtero zerga ihesaren eta iruzurraren ondorioz, eta “horrek aurrekontu publikoak estutzen ditu eta herritarrei eskaintzen zaizkien oinarrizko zerbitzu publikoen kontra doa”, ohartarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Gero eta jende gehiago dago pobrezian edo pobrezia arriskuan, baina aldi berean enpresa handiek gero eta diru gehiago desbideratzen dute zerga paradisuetara, arrakala soziala areagotuz. Hori horrela, ezin gaitezke besoak gurutzaturik geratu, ez eta besteren batek zerbait egitearen zain ere. Oso erraza da aitzakiak bilatzea eta neurriak hartzea nazioarteko erakundeei dagokiela esatea; hemen ere neurriak har ditzakegu, eta horixe da EH Bilduk gaur egin duena”.

Izan ere, “zerga paradisuen bitartez elite ekonomikoek dagozkien zergak ez ordaintzea lortzen dute; amnistia fiskalaz, Bankaren erreskateaz eta justifikaziorik gabeko hobariez baliatzen diren elite berberak dira, eta bitartean langileriak murrizketen ondorioak pairatzen ditu eta entzun behar du gainera nola eskatzen zaion sakrifizioak onartu eta egiteko”.

@ehbildu_legebil