Koalizioak ekimena aurkeztu du, Jaurlaritzak familiei ematen dizkien laguntzak hedatzeko. EH Bilduk legez besteko proposamen hau familiak laguntzeko politiken barne kokatzen du, zeinak “norabidez aldatu behar duten, benetan eraldatzaileak bilakatuz”.

“Urkullu lehendakariak iragarri zuen urtero 200 milioi euro bideratuko dituela familiak laguntzeko. Bada, EAJk beste aukera bat izango du Gasteizko Legebiltzarrean, berea ekimen propagandistiko hutsean ez geratzeko eta hitzak praktikara eramateko”. Horrela, Rebeka Ubera legebiltzarkideak eskua luzatu dio EAJri, EAEko haurreskoletara bideratzen den inbertsioa hedatzeko adostasunak lortzeko. Adostasuna gauzatzeko legez besteko proposamena aurkeztu du EH Bilduk, ematen diren hobariak familia gehiagotara heltzeko.

Legez besteko proposamen batean, EH Bilduk jarraipena eman nahi dio 2014an koalizioaren ekimenez onartu zen ekimen bati. Hala, Lakuak bere laguntza politika aldatu zuen. “2015etik progresibitate irizpideak ezarri dira, baina sistema ez da nahikoa izan. 5.000 familia inguruk bakarrik jasotzen dituzte hobariak eta haurreskoletan plaza libre gehiegi dago, hain zuzen, familia askok ezin dituztelako umeak haurtzaindegira eraman, ezta hobariekin ere”, azaldu du Uberak. “Gure aukera da 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza doakoa izatea, gainontzeko urteekin gertatzen den moduan. Aldiz, helburua erdiesten den bitartean, behintzat laguntzak hedatzea beharrezkoa ikusten dugu”.

Koalizioaren iritziz, laguntza mota hauek “ezinbestekoak dira pertsona askok guraso izatea erabakitzen dutenean pairatzen duten zama ekonomikoa arintzeko”. “Familiak laguntzeko, familiaren adieraz zabalenean, erantzunkidetasunean aurrera egiteko eta kontziliazioan laguntzeko politika eraldatzaileak behar ditugu, arlo hauetan eman diren murrizketetan atzera egiteko. Lortu behar dugu guraso izan nahi duen pertsona edo bikote batean alor ekonomikoa ez izatea erabakia hartzeko arrazoi nagusia”.

EH Bilduk proposatzen duen sisteman, gako garrantzitsuenak hurrengoak dira:

  • Urtean 12.000 euro baino gutxiago irabazten duten familiek: DOAKOA.
  • Hobarien tartea 20.000 euro arte jasotzen duten familietara hedatzea.

@ehbildu_legebil