Koalizioak proposatu du eskola bakoitzak askatasuna izan dezala kasuan kasu kudeaketa eredua aukeratzeko. Eta eskolak catering enpresekin lan egitea proposatuko balu, negoziazioa eta kontratua zuzenean egitea defendatu du koalizioak, “merkatua iruzur egin duten kartela osotzen duten enpresen esku soilik ez uzteko”.

2014 urtean egin zuen moduan, EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarreko gainontzeko taldeen babesa eskatuko du berriro ere, Lakuak katering enpresen bitartekaritza derrigorra bihurtzen duen arau aldatu dezan. Gaur egun, catering enpresek bitartekaritza lana egin behar dute kudeaketaren punturen batean, arauak hala derrigortzen duelako. Hala ez bada, eskola hori babes administratibo gabe geratzen da. Egoera aldatzeko eta “megakontratuen” sistemarekin bukatzkeo 8 puntuko mozioa aurkeztu du Iñaki Lazarobaster legebiltzarkideak.

Lazarobasterrek proposatzen du eskola bakoitzak askatasuna izatea kudeaketa eredua aukeratzeko, eta egiten duen aukeraketa dena delakoa izanda, ez dadila administrazio publikoak ematen duen babesetik at geratu. “Gogoratu beharra dago, catering enpresak erabiltzen dituen eskola batek ezin duela sistematik atera. Hala erabakiko balu, Jaurlaritzaren babes eta laguntza gabe geratuko litzateke”, esan du Lazarobasterrek. Horregatik, kasuan kasu bizi den errealitatea aintzat hartuta, koalizioak proposatu du sistemen aukera zabaltzea, eta beste alternatiba batzuk aukeratzeko bidea erraztea. “Gainera, eskolak erabakia hartuko balu catering enpresekin lan egitea, EH Bilduren iritziz, aukera egon beharko litzateke eskolak berak negoziatu eta kontratua egiteko, beti ere, Lakuak eskatzen dituen irizpideak betetzen dituzten enpresekin”.

Sistema aldaketan trantsizioa emateko Jantoki Batzorde jakina sortzea ere proposatu du koalizioak, “eragileekin batera, kudeaketa eredu berriaren eta araudi berriaren diseinua egite aldera”. Gainera, koalizioak eskatu du eskola bakoitzean sukalde bana ezartzea, eta merkatua banatu zuten catering enpresei jarritako isunetik ateratzen den diruarekin ordaintzea.

“Gure proposamenaren muinean dago eskolek jangela kudeatzea. Horrela, ateak irekitzen dizkiogu tokiko ekonomia sustatzeari, izan ere gaur egun catering enpresek milaka kilometrotatik ekarritako lehengaiak erabiltzen dituzte eta eskolek beraien jangela kudeatuz inguruko baserritar, arrantzale eta merkatari txikiekin dinamikak martxan jartzeko aukera ematen du”, gaineratu du Lazarobasterrek.

Mozioaren puntuak:

  • Eskola bakoitzari aukera eman diezaiola nahi duen kudeaketa eredua aukeratzeko (catering, autokudeaketa, beste erakunde lokalak, eta abar) aukera guztiei babes instituzional bera eskainiz eta nutrizio, elikaduraren kalitate, segurtasun eta garbitasun eskakizun guztiekin eta langileen lan baldintzak errespetatuz.
  • Catering sistema aukeratzen duten eskolek, aurretiaz Jaurlaritzak homologatutako catering enpresekin zuzenean negoziatzeko eta enpresa hautatzeko aukera izatea.
  • Egungo kudeaketa zehazten duen araua aldatu eta kudeaketa eredu berriaren araudia osatzeko Jantoki Batzordea sortu dezala, eragile desberdinen parte-hartzearekin.
  • Kudeaketa eredu berria gauzatu bitartean, bermatu dezala egun zerbitzua ematen duten catering enpresen zerbitzuaren kalitatean eta langileen lan baldintzetan galerarik ez egotea.
  • Iaz esleitu gabe geratu zen 10. lotea urgentziaz esleitzea, catering enpresa berriei sarrera erraztuaz eta iruzurrari zirrikiturik utzi gabe.
  • Urte anitzeko plan bat martxan jarri dezala eskola guztietan sukaldea egon dadin.
  • Lehiaren Euskal Agintaritzak jarritako isunetik eratorritako 18 milioi euroak eskoletako sukalde eta jangelak egokitzera eta kudeaketa eredu berria martxan jartzera bideratu ditzala.
  • Legebiltzarrak 2014ean eskatutako esperientzia pilotuak erraztu eta sustatu ditzala ikasturte honetan bertan martxan jarriaz.

@ehbildu_legebil