Koalizioak agerian utzi du lehiaketa garbi eta zintzoarekin aurrezkia 10 milioikoa izango litzatekeela, gaur egun lortu den 7 milioi izan beharrean.

“Iruzur egiteko zirrikiturik izaten jarraitzen dute catering enpresek”, esan du EH Bilduren legebiltzarkide Iñaki Lazarobasterrek gaurko osoko bilkuran, Cristina Uriarte sailburuari eskola jantokien harira egin dion interpelazioan. Hala, Lazarobasterrek adierazi du “Jarlaritzak esleipen sisteman, presioaren ondorioz eta ez bere borondatez, egindako aldaketek ez dutela arazoa konpontzeko balio izan”. “Merkatua banatzen jarraitzen dute”. Bilkuran erabili duen taularen arabera, “lote batzuen esleipena ikusita frogatzen da, adibidez, merkatuak itxita jarraitzen duela enpresa berriak sartzeko, edo jabego bere enpresak aurkezten direla lote jakin batzuetara”.

EH Bilduren iritziz, “lehia faltsu baten aurrean gaude eta egoera konpontzetik oso urruti”. “Bada garaia, gainera, megakontratuen sistemak porrot egin duela onartzeko. Konkurrentzia askearen aurkako praktikak ahalbidetzen jarraitzen du”, esan du legebiltzarkideak. Berez, koalizioak egindako kalkuluen arabera, Lehiaren Euskal Agintaritzak jarraitutako irizpideak oinarri hartuta, aurrezkia 10 milioi eurokoa izan zitekeen. Aldiz, deialdi berrian 7 milioi eurotara bakarrik ailegatu da aurrezkia. “Jaurlaritzak elikatzen jarraitzen ditu biziatuta dauden catering enpresak, eta horiek iruzur egiteko dagoen ate irekia aprobetxatu egiten dute”.

Ildo horretatik, EH Bilduk mozioa aurkeztuko duela iragarri du, egoera konponbidean jartze aldera. “Nola? Ba hiru urrats planteatzen ditugu: lehenengoa, Jaurlaritzaren agindu jakina aldatzea, zeinak kudeaketan catering enpresen bitartekaritza derrigor bihurtzen duen; bigarrena, megakontratuen sistema indarrik gabe uztea, eta catering enpresen aldeko hautua egiten duten eskolei ahalmena ematea eurek zuzenean enpresa ezberdinekin negoziaziatzea; eta hirugarrena, erakunde publikoetatik sustatzea eskola jantokien kudeaketa alternatiboak, tokian tokiko dinamikak martxan jarriz, inguruko merkatari eta ekoizleekin harremanetan”.

“Ez du zentzurik sistema honek XXI mendean. Gaur egun menuen kostuaren %65 familiek hartzen dute bere gain. Eta aldiz, euren parte-hartzea kudeaketaren erabakietan edo jantokien edozein arlotan hutsaren hurrengoa da. Eta hori ez da interesik ez dutelako gertatzen, sistema ez dietelako uzten baizik”, gaineratu du Lazarobasterrek.

@ehbildu_legebil