EH Bilduk erasotzat jo du Estatuaren erantzuna, herritarrek egunerokoari eragiten dioten gauza guztiez erabakitzeko duten eskubidea urratzen baitu. Bat eginda erantzuteko deia egin die erabakitze eskubidearen aldeko eragile guztiei.

EH Bilduk erasotzat jo du Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Herritarrak Ahalduntzeko Lege Proposamenari eman dion erantzuna. Rebeka Uberak eta Pello Urizarrek adierazi dutenez, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak ukatu du Gasteizko Legebiltzarrak herri kontsultak arautzeko aukera duenik. “Estatu espainolaren izaera antidemokratikoa kontuan hartuta, espero zitekeen erantzuna da”, Urizar eta Uberaren iritziz, “Estatu espainolak ez baitu onartzen pertsonek eta herriek iritzia emateko eta erabakitzeko eskubidea dutela”.

EH Bilduko legebiltzarkideek esan bezala, “ez dago ezer demokratikoagorik herritarrei iritzia ematen eta erabakitzen uztea baino”. Beraz, Estatuaren erantzunaren eta ukazioaren gainetik, EH Bilduk Herritarrak Ahalduntzeko lege proposamena azken bururaino eramateko borondate osoa du, “euskal jendarteari hitza eta erabakia emateko, hori demokrazian sakontzea baino ez delako”. Horren kontra eginez, “Estatua agerian uzten ari da beldur diola demokraziari, bere erantzunak beldurra, urduritasuna eta ahulezia demokratikoa baino ez baitu erakusten”.

Urizar eta Uberaren esanetan, Ministerioaren erantzuna “erasoa da euskal herritarrek egunerokoari eragiten dieten gauza guztiez erabakitzeko duten gaitasunaren eta eskubidearen aurka, erasoa demokraziaren aurka, erasoa, azken finean, herritarren aurka, euren ongizatea bermatzeko bideak irekitzearen aurka”.

Hori dela eta, EH Bilduren bozeramaileek dei egin diete “erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten eragile sozial eta politiko guztiei, eta euskal gizarteari oro har, denon artean erantzun bateratua artikulatzeko, Madrildik etengabe altxatzen duten horma gainditzeko estrategia partekatua adosteko, herri honetako emakume eta gizonek eguneroko bizitzari lotutako gauza guztiez erabaki ahal izan dezaten”.

Gainera, “aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko edozein ekimenen aurka Estatuak bere makinaria osoa erabiliko” duela jakinda, Urizar eta Uberak ezinbestekotzat jo dute “erabakitze eskubidea aldarrikatzen dugun guztiok gogoeta egitea, ea zein den Gasteizko eta Iruñeko parlamentuen egiazko betebeharra. Zer egin behar dugu hemen? Euskal herritarrek (pentsioetan, enpleguan, hezkuntzan, osasunean...) behar dutena? Ala Madrilek egiten uzten diguna, Espainiako Estatuak inposaturiko mugak onartuta eta gure burua ere mugatuta? Guk argi dugu erantzuna: Madrilek egiten uzten diguna ez da nahikoa euskal herritarren ongizatea bermatzeko eta, ondorioz, haratago joateko garaia da, pertsona guztiei bizi baldintza duinak ziurtatu ahal izateko”.

@ehbildu_legebil