EH Bilduk eskola-eragileei ohartarazi die Hezkuntza Sailaren asmoez. “Datorren ikasturtean 6. mailako ebaluazio-diagnostikoa ere egin nahi du”.

Jaurlaritzak LOMCE betetzeko urratsak ematen jarraitzen du. Oraingoan Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek aitortu du, Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkidearen galderei erantzunez. Legebiltzarrera igorritako erantzunetan Uriartek argitu du Urkullu buru duen Gobernuaren asmoa dela Lehen Hezkuntzako 3. mailako ebaluazioa ikasturte honetan bertan ikastetxe guztietara zabaltzea eta orokortzea, eta datorren ikasturtean 6. mailako ebaluazio-diagnostikoa ere egitea, LOMCEk agindu bezala. Arrondok salatu duenez, “sailburuak LOMCEren aplikazioa saihestuko duela dio behin eta berriz, baina praktikan hitzez hitz betetzen ari da, izena soilik aldatuta, hemen LOMCE Heziberri deitzen baita, izenaz harago, funtsean, gauza bera direlako. Horregatik eskatu diogu EH Bildutik Heziberri dekretuak bertan behera uzteko eta sektoreko eragileekin dekretu berriak adosteko, Hezkuntza Sistema propio baten alde”.

Hori dela eta, Arrondok eskola-sektoreko eragile guztiei ohartarazi nahi die Jaurlaritzaren asmoez, iaz Hezkuntza Sailari eman zitzaion erantzun bateratuari euste aldera. “Familia eta ikastetxe gehien-gehienek Gobernuari ezezkoa eman eta 3. mailako azterketa egiteari uko egin zioten –gogorarazi du Arrondok– baina, hala eta guztiz ere, Uriarte sailburuak tematuta jarraitzen du azterketa hori orokortzearekin, eta ikastetxeei bidali die jada proba hori egiteko plangintza orokorra (JPG atxikita), azterketak maiatzaren 2tik aurrera egingo diren berri emanez”.

Lehen Hezkuntzako 6. mailako ebaluazio-diagnostikoari dagokionez, Jaurlaritzak 2016-2017 ikasturtean ezarri nahi du, “ebaluazio horren diseinua burutu ondoren”, Cristina Uriartek berak EH Bilduko legebiltzarkideari erantzun dionez. Arrondo: “Sailburuak zalaparta handiz iragarri du 6. mailako proba aurten ez dela egingo. Itxurakeria besterik ez da, ezkutatzen ari delako ebaluazio hori ere ezartzeko asmoa duela, kasu horretan datorren ikasturtean, eman didan erantzunean aitortu duenez. LOMCEren aurkako konponbidea ez da, inondik inora, aurten azterketa hori ez egitea, baina hurrengoan bai. Erantzunak erabatekoa izan behar du, integrala, eta hori da EH Bilduk Jaurlaritzari eskatzen diona”.

@ehbildu_legebil