Belen Arrondok “LOMCE ezkutuan ezartzea” egotzi dio Hezkuntza sailburuari.

EH Bilduk Heziberri 2020 curriculum dekretuak, urtarrilean argitaratutakoak, bertan behera uzteko eskatu dio gaur Lakuako Hezkuntza Sailari, “LOMCEren aplikazio hutsa” direlako, Belen Arrondok salatu duenez. “Cristina Uriarte sailburuak Madrili begira jarri ditu dekretuak eta LOMCEren ezkutuko aplikazioan ari da”, erantsi du EH Bilduko legebiltzarkideak. Hori dela eta, bere ustez, “ezinbestekoa da Jaurlaritzak dekretuak bertan behera uztea, sektoreko eragileei entzutea eta eurekin batera dekretu berriak diseinatzea, Hezkuntza Sistema Propio baten aldeko urratsak emateko”.

Arrondok iritzi publikoan “nahasmena sortzen saiatzea” egotzi dio sailburuari, kontraesana nabaria delako publikoki berak esaten duenaren eta bere dekretuek jasotzen dutenaren artean. Izan ere, Uriartek adierazi du aurten Lehen Hezkuntzako 3. mailako ebaluazioa mantenduko dela, baina 6. mailako errebalida ez dela egingo; dekretuek, berriz, azterketa horiek ikasturte honetan bertan ezarriko direla diote. Hortaz, EH Bilduren iritziz, bistakoa da Jaurlaritzaren dekretuak LOMCEren aplikazioa baino ez direla, azterketa horiek ez ezik, LOMCEk inposatutako bestelako neurriak ere jasotzen dituztelako, hala nola, erlijioa, natur eta gizarte zientzien arteko bereizketa eta Lehen Hezkuntzako zikloen aldaketa.

Hezkuntza sailburuaren diskurtso publikoa ez dator bat bere jardun politikoarekin, dio Arrondok. “Hauteskundeak gero eta gertuago dauden honetan iaz 3. mailako azterketek sortu zuten zalaparta ekidin nahian, gure hezkuntza sistema indartuko duela eta LOMCEri aurre egiteko ahaleginak egingo dituela esan du Uriartek, baina gero kontrakoa egin du, bete-betean kopiatu baititu LOMCEk ezarritako arau, dekretu eta azterketak”.

@ehbildu_legebil