Hasier Arraizek Ahalduntze Legearen beharra aldarrikatu du, jendarteari hitza eta erabakia emateak, burujabetza sozialaren bidetik, herritar guztientzako bizi baldintza duinak bermatzea ahalbidetuko duelako.

Legebiltzarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Herritarrak Ahalduntzeko EH Bilduren lege proposamena aintzat hartu du gaur eta urrats handi eta garrantzitsua eman du, beraz, demokrazia parte-hartzaile eta zuzenean sakontzeko eta erabaki guztiak hemen, Euskal Herrian, hartzeko bidean. Hasier Arraizek Ahalduntze Legearen garrantzia azpimarratu eta burujabetza sozialaren aldarrikapenarekin lotu du. Izan ere, “helburua herri berria, ezberdina, eraikitzea da, bertan bizi diren pertsona guztiak bakean, askatasunean eta justizia sozialean bizi daitezen. Jendeak erabaki ahalmen osoa izatea nahi dugu, herri honen garapena justizia sozialean oinarritzeko, okerren dauden herritarren beharrizanak betetzea bermatzeko”.

Arraizek azaldu duenez, “hori da Ahalduntze Legearekin eskaintzen duguna, tresna bat herritarrek erabaki ahalmenari heltzeko, jendeak bere bizitzan eragiten duten kontuetan erabaki nahi duelako, ez dagoelako prest zenbait erabaki beste batzuen esku uzteko, ordezkari horiek herritarren mesedetan jardun beharrean beste interes batzuen mesedetan egiten dutelakoan. Jendeak erabaki nahi du, sakoneko kontu handiei buruz eta eguneroko kontu txikiei buruz; erabaki nahi du seme-alaben ikastetxeaz, auzoko osasun zentroaz, kultura eta kirol azpiegiturez, fracking-az, lan baldintzez edota nolakoa nahi duen bizi den herria. Jendeak ez du beste batzuek bere ordez erabakitzea nahi, ez da gardentasunarekin konformatzen, ez du bere burua beste batzuek erabaki dutena berrestera mugatu nahi, erabaki nahi du, prozesu osoan parte hartuta”. Bada, EH Bilduren ekimenak tresna eskaintzen du hori hala izan dadin, mekanismo bat proposatzen du, kontsulta, alegia, herritarrei hitza eta erabakia emateko.

EH Bilduren proposamenak jendartea ahaldundu egiten du, haren bizitzaren jabe egiten baitu, eta azken urteotan Europa osoan zehar nagusitzen ari den demokrazia zuzenaren aldeko mugimenduarekin bat egiten du. Arraizen esanetan, “demokrazia formala, demokrazia ordezkatzailea, hustu da, funtsezko erabakiak beste leku batean hartzen direlako. Herritarrak ordezkatzen dituzten instituzioetan gero eta erabaki gutxiago hartzen da, zeren eta erabaki-gune nagusiak beste toki batzuetan baitaude. Benetako demokrazia, politika jendearentzat eta jendeagatik egiten duena, finantza-elite batek bahituta dago, eta horren ondorio dira lan erreforma, botika-berrordainketa, pentsio kaskarrak eta, oro har, murrizketa guztiak”.

Ahalduntze Legea feminismotik ere edaten du, azpimarratu du EH Bilduko bozeramaileak, “feminismoa baita arrakastarik handienaz ‘ahalduntzea’ kontzeptua bere egin eta gehien garatu duen mugimendua. Emakumezkoek erabaki dute beraiek direla euren bizitzen jabe bakarrak, subjektu aktiboak direla eta euren ahalduntze prozesu pertsonala ahalduntze prozesu kolektibo bilakatu dute, jendarte osoarena, indarkeria matxistaren aurka eta gaitz hori elikatzen duen eredu sozialaren aurka. Emakume horien omenez hitz egin nahi izan dugu ahalduntzeaz, jendarte ahalduna eta herritar burujabeak nahi ditugulako”.

@ehbildu_legebil