EH Bilduk azaldu duenez, “Ahalduntze Legea giltza da euskal herritarrek euren bizitzetan protagonismo osoa izateko, haiek eta ez beste inork erabaki dezaten egunerokotasunean eragiten dieten auzi politiko, sozial eta ekonomikoei buruz”.

Legebiltzarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Herritarrak Ahalduntzeko lege proposamena, EH Bilduk aurkeztua, eztabaidagai izango du bihar osoko bilkuran eta, beraz, Rebeka Uberak azpimarratu duenez, “aukera izango du urrats handi eta garrantzitsua emateko demokrazia parte-hartzailean sakontzeko eta erabakiak hemen, Euskal Herrian, hartzeko bidean. Gure proposamenak aurrera egingo duen konfiantza osoa dugu, ezer ez delako demokratikoagoa herritarrei hitza eta erabakia ematea baino”.

Uberak Ahalduntze Legearen garrantzia nabarmendu du, “giltza delako herritarrei euren bizitzetan protagonismo osoa emateko, erabaki ahalmena izan dezaten egunerokotasunean eragiten dieten auzi politiko, sozial eta ekonomiko guztietan, betiere herritarren borondate librearen adierazpena izan dadin bizitza politikoaren alde guztiak ebazteko eta bere mugak ezartzeko tresna bakarra”.

Printzipio nagusi hori abiapuntutzat hartuta, EH Bilduren proposamenak galdeketak sustatu eta arautzea du helburu, “galdeketa, printzipio demokratikoaren adierazpide gisa, bitartekorik egokiena delako herritarrek euren nahiak eta iritziak askatasunez eta demokratikoki adieraz dezaten, bai egunerokotasunean eragiten dieten kontuei buruz, bai etorkizun instituzionalari buruz”.

@ehbildu_legebil