Belen Arrondok eskatuta, Hezkuntza sailburuak Legebiltzarrean azaldu beharko du zer egingo duen, etorkinen matrikulazioari dagokionez, ikastetxeen arteko bereizketak saihesteko, integrazio eta kohesio soziala sustatze aldera.

EH Bilduk Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, azaldu dezan zer nolako neurriak hartuko dituen ikastetxe batzuk guetto ez bihurtzeko. Izan ere, Hezkuntza Sailak berak eman dituen eta Euskadiko Eskola Kontseiluak ere berretsi dituen datuen arabera, “oso nabaria da ikasle etorkinak ikastetxe zehatz batzuetan kontzentratzen direla, sare publikoan, benetako guettoak sortzeraino”, Belen Arrondok ohartarazi duenez.

Matrikulazio epea zabaldu berri dela gogorarazi ondoren, EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du “Hezkuntza Sailak neurri eraginkorrak hartzea etorkinak artatzeko orduan ikastetxeen artean dauden desorekak eta bereizketak amaitzeko, ikasle atzerritarrak ikastetxe zehatz batzuetan kontzentratzeak guettoak sortzea dakarrelako eta integrazio eta kohesio sozialaren kontra doa, zuzen-zuzenean”.

Horri jarraituz, Arrondok ikasle etorkinen kopuru handia duten ikastetxeei baliabide gehiago emateko eskatu dio Jaurlaritzari, “behar bereziak dituzten heinean, baliabide gehiago eskaini behar zaizkielako ikasleei arreta egokia eman ahal izan diezaieten”. Bere iritziz, “ondo dago Jaurlaritzak integrazioaz, aniztasunaz eta kulturartekotasunaz hitz egitea, baina, zoritxarrez, errealitatea oso bestelakoa da, orain arte Hezkuntza Sailak ez diolako gaiari heldu, ez eta neurri eraginkorrik hartu ere, bistakoa den arazo hori konpontzeko”.

@ehbildu_legebil