EH Bilduk Cristina Uriarte sailburuaren agerraldia eskatuko du Legebiltzarrean, argitu dezan nola bermatuko duen hezkuntza eskubidea auzoan bertan.

EH Bilduk Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren agerraldia eskatuko du Legebiltzarrean, “lotsagarria delako Salburuako familiak pairatzen ari diren egoera”, Belen Arrondok salatu duenez. Bere hitzetan, “gezurra dirudi 2015. urtea amaitzea eta Salburuan oraindik bigarren ikastetxea egiteke egotea, eta are okerrago, inork ez dakielako ziur noizko egongo den, bere garaian inor ez zelako lurzorua erreserbatzeaz arduratu; ez Jaurlaritzak ez Gasteizko Udalak ez dute neurria eman eta auzo horretan bizi diren familiak ordaintzen ari dira instituzioen aurreikuspenik eza”.

Hezkuntza Sailak Zaramagako Ruiz de Garibay ikastetxera bidali ditu Salburuako 235 ikasle, baina “hori ez da konponbide egokia”, Arrondok dioenez. Izan ere, “Ruiz de Garibay txiki geratu da jada, eta arazoa are larriagoa izango da datorren urtean, beste 69 ume Haur Hezkuntzan hasiko direlako”. Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak premiazkotzat jo du “arazoa jada konpontzea, gehiago itxaron gabe”, eta horretan Hezkuntza Sailak duen ardura azpimarratu du, “hari dagokiolako Salburuan bizi diren familiei hezkuntza eskubidea auzoan bertan bermatzea”. “Horixe exijituko dio EH Bilduk Uriarte sailburuari”, erantsi du.

@ehbildu_legebil