Leire Pinedok salatu duenez, porrot egin duten austeritate politikak lehenetsi ditu Jaurlaritzak eta, Madrilek ezarritako mugak onetsita, uko egin dio Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak benetan behar dituzten neurriak hartzeari.

EAJk eta PSEk 2016. urterako hitzartutako aurrekontuek ez dute balio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek dituzten beharrak asebetetzeko, ez eta jendarte osoaren eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzeko ere. Hori dela eta, Leire Pinedok azaldu duenez, EH Bilduk aurkako bozka eman du gaur Legebiltzarrean, Jaurlaritzaren aurrekontu hauek, legealdi osoan zehar bezalaxe, kale egingo dutelako. Datuek hala frogatzen dute: pobrezia gora doa (435.000 lagun baino gehiago pobrezia arriskuan), langabezia tasa ikaragarri altua da (150.000 lagun baino gehiago), gizarte laguntzetan diru-partidak ez dira nahikoa...
Hori da jendeak pairatzen duen errealitatea eta hori ez da ezinbestean gertatzen, gogorarazi du Pinedok. EAJk eta PSEk hala erabaki dute, hori da euren hautu politikoa izan, austeritate politikari jarraitzea erabaki dute aurrekontuak egiteko orduan, lehentasun osoa emanez defizit muga betetzeari eta zor publikoa ordaintzeari. “Austeritateak porrot egin duela esan duzue behin eta berriz, baina horixe bera hartu duzue oinarritzat aurrekontuetan”, leporatu die EAJ eta PSEri.

Hori horrela, austeritatea oinarri hartuta eta espainiar Estatuak ezarritako mugak onartuta, EAJk eta PSEk zerga politika aldatzeari uko egin diote eta, beraz, diru-sarrera publikoak handitzeko aukera baztertu dute. Horren ondorioa bistakoa da: murrizketen betikotzea, arrakala soziala gero eta nabarmenagoa da, zerbitzu publikoak kalitatea galtzen ari dira eta garapen ekonomikoa, orekatua izan beharrean, sektore sozial zabal bat bazter uzten ari da.

Pinedok gogora ekarri du EH Bilduk proposamen egingarria egin zuela jendearen oinarrizko beharrizanak bermatzeko, murrizketak bertan behera utziz eta arlo sozial eta ekonomikoan Legebiltzarrak hartutako erabakiak betearaziz. Hala ere, “EAJk eta PSEk ezezkoa eman digute, guri eta, batez ere, jendarte osoari, krisiaren ondorioak pairatzen ari diren guztiei”, eta aitzakia -erantsi du Pinedok- kanpotik inposatutako markoa da beti, austeritatea izan ala Madrilek jarritako mugak izan.

Horren aurrean, EH Bilduko legebiltzarkideak menpekotasunezko harreman hori ontzat ematea egotzi dio Urkulluren Gobernuari, gure lehentasuna euskal jendartearen beharrak asebetetzea izan behar duelako. “Hori da gure buruari egin behar diogun lehenengo galdera, ea zer behar duten benetan euskal herritarrek, gero horren arabera jokatzeko. EAJk, ordea, lehenik eta behin galdetzen du ea Madrilen zer uzten diguten egiten, nahiz eta aldez aurretik ondo baino hobeto jakin erantzuna ez dela herri honek behar duena izango. Guk argi dugu marko horrek ez dituela herritar gisa ditugun beharrak asebetetzen eta lehenbailehen beste marko bat, burujabea, behar dugula gure pentsioak, gure lan baldintzak, gure Hezkuntza eta osasun sistemak... gure beharren eta ahalmenaren arabera antolatzeko”.

@ehbildu_legebil