EH Bilduk galdetu du zertarako balio duten orduan Legebiltzarrak babes soziala bermatzeko hartutako erabakiek. PSEk erabaki beharko du politika austerizidak babesten dituen ala aurrekontuen norabidea aldatzeko prestasuna duen.

Unai Urruzuno, Leire Pinedo eta Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak Ogasun Saileko arduradunekin batzartu dira gaur goizean Lakuan Jaurlaritzak 2016rako proposatu dituen aurrekontuen inguruko akordioa egon litekeen aztertzeko. Bileran entzundakoak, ordea, agerian utzi du oraingoan ere aurrekontuak “azken hiru urteotako ildo beretik” datozela, Urruzunok azaldu duenez. “Ez dago nahikoa baliabiderik herri honek behar dituen babes sozialeko errekurtsoak elikatzeko”.

EH Bilduk murrizketak salatu ditu behin eta berriz, eta Legebiltzarreko akordioei muzin egitea leporatu dio Jaurlaritzari, bere aurrekontu-proiektuak akordio horietako asko jasotzen ez dituelako. Gaur Jaurlaritzak berak onartu du hori hala dela, Urruzunok azpimarratu duenez. “Atentzioa deitu digu haiek ere onartzea hainbat akordio parlamentario ez direla jasoak izan, hala nola, funtzionarioei ordaindu beharreko aparteko ordainsaria, babes soziala bermatzeko ekimenak, etxebizitza legea eta fracking-aren aurkakoa”. Hori dela eta, galdera berehalakoa da, Urruzunoren ustez. “Zertarako balio dute Legebiltzarrean babes soziala bermatzeko eta okerren pasatzen ari direnei baliabide gehiago emateko hartzen diren erabaki horiek guztiek, gero Gobernuak horri entzungor egiten badio?”.

Horren haritik, EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri du koalizioak joan den astean PSEri eskaintza zehatza egin ziola Lakuako aurrekontuen norabidea aldatzeko. “Erantzunaren zain gaude oraindik, baina Jaurlaritzaren posizioa ikusita, PSEk erabaki beharko du murrizketak eta politika austerizidak babesten dituen edo Legebiltzarraren erabakiak errespetatzen dituzten eta herritarren ongizatea indartuko duten aurrekontuak nahi dituen”.

EH Bilduren iritziz, ez EAJk ez Urkulluren Gobernuak ezin dute dirurik ez dagoela argudiatu aurrekontuen mugak justifikatzeko. “Behin eta berriz esan dugu; hori erabaki politikoa da, herri honek baliabide gehiagoko aurrekontuak izateko aukerak izan badituelako, baina horretarako zerga politikara eta defizit mugara jo behar da, egiturazkoak diren kontuetara. Arazoa da hemen hautu politiko bat dagoela gehien dutenen poltsikoak ez ukitzeko, eta hori egiten ez dugun bitartean, honelako aurrekontuak izaten jarraituko dugu, oso murritzak, murrizketak dituztenak eta herri honen beharrei erantzuten ez dietenak”.

@ehbildu_legebil