Bi alderdiek EH Bilduk defendatu duen ekimenaren aurka bozkatu dute. Koalizioak krisi egoeran beharrizan sozialak lehenestea aldarrikatu du erakundeen aurrekontu politikan.

EH Bilduk gainontzeko taldeen adostasuna bilatu nahi izan du gaur, Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako ekimen baten inguruan, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketa errefusatzeko. Aipatu artikuluak zorraren ordainketa eta inposatutako defizit muga betetzera behartzen ditu erakunde publikoak. Hala, berau indargabetzeko proposamena defendatu du koalizioak, hala nola, Aurrekontuen Egonkortasun Legea betetzeko derrigortasuna ezabatzea. Aitzitik, EAJk eta PSEk elkarrekin bozkatu du EH Bilduren ekimenaren aurka. Hala, Konstituzioak jasotakoa onetsi dute eta Madrilek inposatzen duenari bidea erraztu diote, “jakin badakiten arren austeritate ekonomikoaren defentsa horrek gure autonomia finantzarioari kolpe ikaragarria ematen diola”, argudiatu du EH bilduko Leire Pinedok.

Euren botoekin, jeltzale zein sozialistak euren alderdiek beste erakunde batzuetan defendatutako ildoarekin kontraesanean erori dira. Pinedok gogoratu duenez, bi alderdietako ordezkariek Nafarroako parlamentuan 135 artikuluan jasotakoa ezabatzearen alde bozkatu zuten, eta euren bozeramaile Pedro Aspiazu (PNV) eta Pedro Sanchezek (PSOE) adierazpen gogorrak egin dituzte Rajoyk inposatutako aurrekontu politikaren aurka.

Hala, koalizioaren iritziz, Jaurlaritzak alfonbra gorria dauka 2016ko aurrekontuetan ere zorraren ordainketa eta defizit muga betetzea lehenesteko. “Urkullu esaneko ikaslea da austeritate politikak betetzeko orduan. Berez, Espainia bera edo Frantzia baino esanekoagoa da, sobera dakien arren gure ekimenez jarduteko marjina handia dugula. Hala ere, austeritate politikak itsu-itsuan betetzeko hautua egiten du, jendartearen beharrizanei kasu egin beharrean. Horrek murrizketen kronifikazioa eta haustura soziala handitzea ekarriko du”, salatu du Pinedok.

@ehbildu_legebil