Benetan demokrata dena ezin da jendeari galdetzearen kontra agertu. “Herriari erabakitzeko ahalmena ematen dion proposamen honen aurka egitea Estatuan osatzen ari den inposizioaren frontearekin bat egitea da”, dio EH Bilduk.

Legebiltzarreko Mahaiak tramitera onartu zuen atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Herritarrak Ahalduntzeko Lege Proposamena. Tramite hutsa baino izan behar ez zen erabaki bati eduki politiko handia eman zioten, ordea, PSEk eta PPk. Euren ordezkariek EH Bilduren ekimena tramitera onartzearen aurka bozkatu zuten, ekimenaren eztabaida bera ere galarazten saiatu ziren eta, beste behin ere, “agerian utzi zuten beren jarrera erabat antidemokratikoa dela”, Oskar Matutek salatu duenez. Izan ere, “bere burua benetan demokratatzat daukana ezin daiteke jendeari galdetzearen aurka agertu eta, beraz, ez luke arazorik izan beharko gure proposamenarekin bat egiteko. Herritarrei beren etorkizun politiko eta soziala erabakitzeko ahalmena emango dien legearen aurka egitean, PSE eta PP herri honen eta herritarren oinarrizko eskubideen aurka jarri dira beste behin”.

EH Bilduko bozeramailearen esanetan, “espainiar Estatuko indar nagusiak, Katalunian bezala, Euskal Herrian ere ukazioaren eta inposizioaren eskemetan kokatzen dira; ez dute onartu nahi herri honek eta gizarte hau osatzen duten herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela eta etorkizuna erabaki egingo dutela, inposizio guztien gainetik”.

Herritarrak Ahalduntzeko Lege Proposamena “gure herrian demokrazian sakontzeko tresna” dela azpimarratu ostean, Matutek ohartarazi du PP eta PSEren erantzunak agerian utzi duela “espainiar Estatuaren aldetik inposizioa eta ukazioa bakarrik espero dezakegula, Katalunian ere erakusten ari diren moduan”. Hori dela eta, “herri honek bere bide propioa egin behar du, eta bide horretan kokatzen dugu gure lege proposamena, Estatutik datorren ukazioaren, inposizioaren eta mehatxuen aurrean, gure erantzuna demokrazia gehiago delako”. Hortaz, erantsi du, “herriari erabakitzeko ahalmena ematen dion legearen aurka egitea Estatuan osatzen ari diren inposizioaren eta ukazioaren frontearekin bat egitea da”.

@ehbildu_legebil