EH Bildu PSErekin bilduko da datorren astean eta adostasuna bilatuko du murrizketak bertan behera uzteko eta Legebiltzarraren aginduak betearazteko. Nahikoa indarra eta zilegitasuna dugu EAJren aurrekontuetan aldaketak egiteko.

Aurten ere Jaurlaritzaren aurrekontuek azken urteotako murrizketen eskemari eusten diotela ikusirik, EH Bilduk PSErengana jotzea erabaki du oraingoan eta hiru ardatzen inguruko akordio batera iristeko prestasuna azaldu dio Idoia Mendia buru duen alderdiari, EAJk eginiko aurrekontuen norabidea aldatzeko eta murrizketekin behingoz amaitzeko. Hala azaldu dute gaur Dani Maeztuk eta Leire Pinedok Legebiltzarrean. Bertan iragarri dute EH Bilduk bilera eskatu ziola atzo bertan PSEri horretarako, bai eta erantzuna positiboa izan zela ere. Hori horrela, “bilera datorren ostegunean izango da ziurrenik”, erantsi dute Pinedok eta Maeztuk.

EAJk gutxiengoan gobernatzen duela gogora ekarri ostean, legebiltzarkide abertzaleek esan dute “EH Bilduren eta PSEren eskuetan dagoela aurrekontu proiektuan aldaketak egitea”. Hori dela eta, “gure asmoa PSErekin akordio batera iristea da eta dei zuzena eta argia egiten diogu PSEri: adostu dezagun EAJren aurrekontuen norabidea aldatzeko”. Izan ere, “ezkerreko ikuspegi batetik ezin ditugu murrizketak betikotzen dituen aurrekontu bat babestu, eta uste dugu EH Bilduk eta PSEk nahikoa indarra eta zilegitasuna dugula aurrekontuaren atal horiek guztiak iraultzeko. Murrizketa horiek pairatzen ari diren herritar guztiek ez gaituzte barkatuko egoera hori aldatzeko ahalegin guztiak egiten ez baditugu. Gu horretan gaude, eta PSEk ere gure tesi horrekin bat egitea espero dugu. Hortaz, PSEri planteamendu zehatza egingo diogu ondorengo hiru ardatzen inguruan akordio batera iristeko: ekonomia berpizteko, gizarte politikak bermatzeko eta fracking eta etxebizitzari buruzko legeak betearazteko”.

EH Bilduko legebiltzarkideek EAJren diskurtsoa gezurtatu dute eta aurrekontuetan betikotzen diren murrizketak zerrendatu dituzte. Salatu dutenez, “EAJk eta Jaurlaritzak kontrakoa esan arren, murrizketak egon badaude; atzo murrizketak egin banituen eta atzo murriztu nuena gaur berreskuratzen ez badut, gaur murrizketei eusten diet”.

Eta are gehiago, Urkulluren Gobernuak muzin egiten dio gainera Legebiltzarrari. “Ez du aintzat hartzen hemen erabakitakoa eta ez ditu Parlamentu honen aginduak, EH Bilduk eta PSEk bultzatutakoak, aurrekontuetara eramaten, hala nola, fracking eta etxebizitzari buruzko legeak, gizarte laguntzak bermatu beharra, funtzionarioei 2012az geroztik zor zaien aparteko ordainsaria ordaindu beharra, Osakidetzako lantaldea indartu beharra...”.

“Neurri horiek EH Bilduren eta PSEren babesa izan dute –azpimarratu dute Maeztuk eta Pinedok– eta orain, Jaurlaritzak eskari horiek guztiak zakarrontzira bota nahi dituela ikusirik, ezinbestekoa da bi alderdiok hausnarketa elkarrekin egitea, Legebiltzarraren aginduak betearazteko. Gure ustez, ez litzateke logikoa izango hemen, Legebiltzarrean, neurri batzuk eskatzea, eta gero eskari horiek aintzat hartzen ez dituen aurrekontu bat babestea”.

@ehbildu_legebil