Egungo eredua agorturik, ezinbestekotzat jo du hezkuntza sistema propioa eraikitzea, hezkuntzari lehentasuna emateko eta LOMCE bezalako erasoei aurre egiteko. Lege berriak curriculum propioa garatu, hizkuntza ereduak gainditu eta eskola publikoaren aldeko apustu egin beharko duela azaldu du.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Hezkuntza Lege berria lantzeko urratsak ematen hasteko borondatea adierazi zuen pasa den astean eta, horren haritik, EH Bilduk prestasun osoa azaldu du gaur Legebiltzarrean marko legal berria elkarlanean diseinatzeko, “egungo legea agorturik dagoelako eta bestelako marko pedagogiko eta normatiboa behar dugulako”, Belen Arrondok eta Juanjo Agirrezabalak azaldu dutenez. Euren esanetan, “bada unea urrats erabakigarriak eman eta kanpo esku-hartzerik gabeko hezkuntza politika garatzen hasteko, Madrili men egin gabe, benetan hezkuntza sistema propioaren eraikuntzari ekiteko”. Lege berriak –azpimarratu dute– azken urteotako murrizketekin amaitzea, baliabideak berreskuratzea eta hezkuntzari lehentasuna ematea ahalbidetu beharko luke.



Hezkuntza Lege berria LOMCEri eta horrelako erasoei aurre egiteko tresna ere badela nabarmendu dute Arrondok eta Agirrezabalak; horri jarraituz, Jaurlaritzaren Heziberri 2020 Planari 180 graduko aldaketa eman beharraz ohartarazi dute, “Heziberri LOMCEren euskal aplikazioa baino ez delako eta, horren norabidea aldatu ezean, lege berriarekin berriz ere Madrilen menpeko lege baten aurrean egongo garelako. Hezkuntza Legeak, aldiz, benetan Euskal Herriaren beharrei begira adostua eta eraikia izan behar du”.

EH Bilduren iritziz, presazkoa da Hezkuntza Lege berria diseinatzeko prozesua abian jartzea, “prozesu ireki, garden eta parte-hartzailea izango dena, eragile, sindikatu, alderdi eta gainontzeko agente inplikatuen arteko adostasunak bilatzeko”, betiere orain arte egindako lanak kontuan eta aintzat hartuta”.

Arrondok eta Agirrezabalak lege berriak izan behar dituen oinarriak zehaztu dituzte: batetik, curriculum eta ebaluazio sistema propioa; bestetik, hizkuntza ereduak gainditu beharra, ikasle euskaldun eleaniztasunak hezteari begira, eta azkenik, egungo eredua gaindituko duen eskola publiko baten aldeko apustua.
Irizpide horiek abiapuntu, EH Bildu ez da Jaurlaritza mugitu zain geratuko. Elkarlanean aritzeko prestasuna azaldu ez ezik, jada lanean hasteko borondatea ere agertu dute legebiltzarkideek. Zehazki, EH Bilduk prozesu parte-hartzaile eta zabala jarriko du martxan “hezkuntza sistema propioaren aldeko bide horretan gure eskaintza politikoa osatze aldera”.

@ehbildu_legebil