Parlamentuak urtebeteko epea eman dio Jaurlaritzari agindu hori betetzeko ibilbidea zehazteko. "Eszenika abian jartzeak ezin du arriskuan jarri Gasteizko kontserbatorioaren etorkizuna", azpimarratu du Estitxu Breñasek.

EH Bilduren legez besteko proposamena aintzat hartuta, Legebiltzarrak Gasteizko Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioa Hezkuntza Sailaren menpeko sare publikoaren baitan har dezala eskatu dio Jaurlaritzari gaur arratsaldean, eta urtebeteko epea eman dio bide horretan, zentroaren titulartasuna ere bere gain hartzeko, behar diren neurriak zehazteko. Estitxu Breñasek akordioaren garrantzia azpimarratu du, Uruñuela EAEko oinarrizko eta erdi-mailako dantza zentro bakarra izanik, bere biziraupena bermatzea ezinbestekoa delako. Eskaria argia da eta talde guztiek bat egin dute horretan.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, "Eszenika dantza, arte dramatiko eta eszenoteknia goi-mailako zentroaren egitasmoa abian jartzea oso albiste ona da, baina kontu handiz ibili behar da urtetan eraikitakoa arriskuan jarri eta galdu ez dadin, kasu honetan, Gasteizko Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioa, hain zuzen". Horren ildotik, "Hezkuntza Sailak goi-mailako ikasketak (Eszenika) arautzea eta ez oinarrizkoak (Jose Uruñuela) sekulako akatsa litzateke Jaurlaritzaren aldetik. Gasteizko kontserbatorioak indartuta atera behar du prozesu honetatik".

Breñasek goi-mailako dantza ikasketak Gasteizen kokatzeko aukera aztertu dezala ere eskatu dio Hezkuntza Sailari, eta kokalekua ere proposatu du, Krea, hain zuzen. Izan ere, "eraikin hori PPren udal gobernuak jabego pribatuari oparitzea erabaki zuen bere egunean, eta jabego publikoa berreskuratu beharko genuke, bai eta goi-mailako dantza kontserbatorio publikoa bertan kokatzea aztertu ere".

@ehbildu_legebil