Lakuak gaur aurkeztu duen Euskararen Agenda Estrategikoa dokumentu itxia dela salatu du EH Bilduk. Egoera soziolinguistikoa aztertu, diagnostikoa konpartitu eta hizkuntza politika berria adostu beharra azpimarratu du.

EH Bilduk, euskararen normalizazioa xede, hizkuntza politika adostu baten beharra azpimarratu du gaur Legebiltzarrean eta, horren ildotik, Jaurlaritzak aurkeztutako Euskararen Agenda Estrategikoaren izaera kritikatu du "dokumentu itxia delako, inolako aldaketarako aukerarik ematen ez duena". "Adostasun sozial eta politikoaren beharraz hitz egiten da, Agendak eragileekiko lankidetza aurreikusten du, baina euskalgintzako eragile esanguratsuenak baztertzen ditu", salatu du Xabier Isasik.

EH Bilduko legebiltzarkideak hizkuntza politika berria eta adostua eskatu du, eta norabide horretan Jaurlaritzarekin eta eragileekin lan egiteko prestasun osoa adierazi du. Azaldu duenez, "egoera soziolinguistikoa aztertu, diagnostikoa konpartitu eta hortik abiatuta, euskararen normalizazioa xede, hizkuntza politikaren ildo nagusiak adostu behar ditugu".

Isasiren iritziz, ez da hori, ordea, Lakuak hartu duen bidea, bere Agenda Estrategikoa, batetik, ez dagoelako adostasunean oinarrituta eta, bestetik, Jaurlaritzaren beraren lan-ildoen zerrenda baino ez delako. Dioenez, "Euskararen Agenda Estrategikoa baino Jaurlaritzaren legealdiko agenda da, aurreko legealdiari jarraipena ematen diona, PSE eta PPren legegintzaldiko hizkuntza politikaren luzapena, alegia. Agenda hori orain aurkeztea propaganda ekitaldia da".

Jaurlaritzaren hizkuntza politikari dagokionez, Isasik EH Bilduren desadostasuna berretsi du, "funtsean, Gobernuak euskara bigarren mailako hizkuntza jotzen duelako". Zehaztasun falta ere kritikatu du Isasik, euskararen gaitasunaz eta erabileraz mintzatzen denean, hezkuntza sistema eleaniztunaz hitz egiten duelako, baina zehaztu gabe zer egingo den hizkuntza-gaitasunaren nahikotasun maila lortzeko, edota nola bermatuko den euskaraz jakiteko ikasleen eskubidea". Halaber, "euskararen ezagutza herritar guztiengana hedatzeko proposamenik ez da egiten, euskara ikasteko doakotasun planik ez da aipatzen". Hori dela eta, ohartarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, "ez gaude prest hizkuntza politika atzerakoiari babesa emateko eta ez gara konplizeak izango euskalgintzaren aurkako ekimenetan".

@ehbildu_legebil