EH Bilduk proposamena aurkeztuko du Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuetan eta Batzar Nagusietan, garraio publiko erosoa, eskuragarria eta merkea sustatzeko. Txartel bakarrak deskontu politika bateratua, errenta mailaren araberakoa, aplikatzea ahalbidetuko luke.



Mugikortasun eredu iraunkor baten alde, EH Bilduk Hego Euskal Herri osoan garraio txartel bakarra ezartzeko proposamena aurkeztuko du Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuetan eta Batzar Nagusietan, gaur Gasteizko Legebiltzarrean Marian Beitialarrangotiak iragarri duenez. Maiorga Ramirez Nafarroako legebiltzarkidea eta Aitor Torre (Bizkaia), Iban Asenjo (Gipuzkoa) eta Patxi Martinez de Albeniz (Araba) batzarkideak ere izan dira agerraldian.

EH Bilduk bultzada eman nahi dio garraio publikoari, horrek izan behar baitu bide nagusia mugikortasun beharrak asetzeko, eta Beitialarrangoitiak eta Torrek azaldu dutenez, txartel bakarra erabiltzeak garraio erosoa, eskuragarria eta merkea lortzen lagunduko luke.

Gai honetan herrialde bakoitzak errealitate eta erritmo ezberdinak dituela eta, beraz, abiapuntua ere ezberdina dela jakinda, EH Bilduren ordezkariek "helmugak bat izan behar duela" nabarmendu dute; alegia, Hego Euskal Herri osoan garraio txartel bakarra erabiltzea, edozein dela herrialdea, garraiobidea edo operadorea. Beitialarrangoitiak argitu duenez, "ez dugu teknologia edo euskarri fisiko bera erabiltzeaz soilik hitz egiten, harantzago ere bagoaz". Izan ere, "txartel bakarrak tarifa bateratuak ezartzeko aukera emango luke, ibilbide berak prezio bera izan dezan edozein dela herrialdea, garraiobidea edo operadorea, eta hori ez ezik, deskontu politika bateratua aplikatzea ere ahalbidetuko luke, erabiltzaileen errenta mailaren eta erabilpen maiztasunaren araberakoa; hau da, gutxien dutenek garraio publikoa eskuragarri izateko eta garraio publikoa asko erabiltzen dutenak saritzeko".

Deskontu politika horri dagokionez, "guk uste dugu –esan du Beitialarrangoitiak– errenta maila aintzat hartu behar dela eta Gipuzkoak hori egin egin daitekeela erakutsi du jada. Errenta kontuan hartzearekin ados baldin bagaude, ez da zaila izango horretarako erabili behar dugun formula guztion artean erabakitzea, eredu zehatz bat kopiatu behar denik esan gabe".

@ehbildu_legebil