Legebiltzarrak lehentasunezkotzat jo du espetxeen gaineko eskumena lekualdatzea. Garrantzitsua da PPk ez beste talde guztiok aldarrikatzea egungo espetxe politika aldatu eta erregimen irekiak bultzatu behar direla. Jaurlaritzak agerian utzi du arlo honetan utzikeriaz aritu dela.

EH Bilduk eskatuta, Legebiltzarrak eztabaida monografikoa egin du gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, behin eskumena lekualdatuta, aplikatu beharko den espetxe politika diseinatzen hasteko asmoz. Jone Goirizelaiaren esanetan, “gaurkoa aurrerapausoa da adostasuna ia erabatekoa izan delako bi printzipio nagusiren inguruan; izan ere, PPk ez beste talde guztiok argi esan dugu, batetik, espetxeen gaineko eskumenaren transferentzia lehentasunezkoa dela eta, bestetik, bestelako espetxe politika behar dugula, bergizarteratzea eta zigorrak betetzeko erregimen irekiak bultzatuko dituena. Transferentzia nahi dugu oraingo kartzela eredua errotik aldatzeko, ez dugu eskumena nahi egungo politika bera egiten jarraitzeko”.

EH Bilduk 100 neurri barnebiltzen dituen espetxe politika berri baterako proposamen zehatza egin du norabide horretan. Are gehiago, ekarpen zehatzak egin dituen talde bakarra izan da, eta kontrastea ikaragarria izan da Jaurlaritzak egin duen lan eskasarekin. Goirizelaiak hala leporatu dio Lan eta Justizia sailburuari, “bistan geratu delako gai honetan utzikeriaz aritu dela eta gaur EH Bilduren proposamenaren zati batzuk kopiatu eta errepikatu baino ez duela egin, baina, noski, jatorrizkoa beti izaten da kopia baino hobea”.

“Agerikoa izan da gai honetan EH Bilduk hartu duela lidergo politikoa eta EAJ-PSE bikotea atzetik datorrela, eta hain justu horregatik, printzipio nagusietan ados egon arren, ez dira kapazak izan gure proposamen zehatzak babesteko, eta aitzakia faltsuak bilatzeari ekin diote euren posizio politikoa nola edo hala justifikatzen saiatzeko”.

@ehbildu_legebil