EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio sindikatuen eta patronalaren arteko elkar ulertzea errazteko, ikasleen familiek eskatu bezala. “Hezkuntza sistema Gobernuaren erantzukizuna da eta, beraz, ezin dio ardura horri ihes egin”, azpimarratu du Rebeka Uberak.

Kristau Eskolan eta AICEn bildutako itunpeko ikastetxeetan bizirik dirauen lan gatazkak eta horren ondorioek kezkatuta, EH Bilduk akordio bat sustatu du Legebiltzarrean (EAJ, Podemos eta PSErekin) Jaurlaritzak bitartekaritza lanak egin ditzan itunpeko ikastetxeetako patronalaren eta sindikatuen artean, gatazka konpontze aldera. Hala, Parlamentuak EAJ-PSE Gobernuari eskatu dio “Lan eta Justizia Sailaren bitartekaritza bideratu dezala, gatazkaren bi aldeek egoki joz gero”.

Rebeka Uberak gogora ekarri du sindikatuek greba deitu dutela berriz ere datorren asteartetik aurrera, eta erantsi du egoera honetan Lakuak ezin duela beste alde batera begiratu. “Hezkuntza sistema Gobernuaren erantzukizuna da eta, beraz, ezin dio ardura horri ihes egin itunpeko sarean gatazkak gori-gorian jarraitzen duenean, konpontzeke”. Hala, EH Bilduk sustatutako akordioaren baitan Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari eskatu dio “hezkuntza komunitateko eragile desberdinekin elkarrizketa eta negoziazioa areagotu ditzala hezkuntza sistema osoa hobetze aldera”, bai eta itunpeko sareko “sindikatuen eta patronalaren arteko elkar ulertze handiagoa ahalbideratu dezaketen aukera desberdinak azter ditzala”.

@ehbildu_legebil