EH Bilduren iritziz, aukera zegoen oraindik aurrekontuak osatzeko lege proiektuak aldatzera behartzeko eta murrizketa sozialak desegiteko, baina Podemosek txeke zuria oparitu dio oso ahul dagoen Urkullu Gobernuari.

Podemosek iragarri du abstentzioa emango diola Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko Lege Proiektua eta, beraz, berau onartzea ahalbidetuko duela, Jaurlaritzak arlo horretan eginiko murrizketak mantentzen dituen arren. EH Bilduren iritziz, erabaki hori, inkoherentea izateaz gainera, larria da, bertan behera utzi duelako Jaurlaritza murrizketa sozialak desegitera behartzeko oraindik zegoen aukera. Iker Casanovak azaldu duenez, Urkulluren Gobernuak zail zeukan bere lege-proiektuak aurrera ateratzea, gutxiengoan dagoelako, eta, ahulezia politikoa hori baliatuz, aukera zegoen lege-proiektuen edukiak negoziatzeko eta aldatzeko, murrizketak bertan behera uzte aldera. “Guk aukera guztiak agortzea nahi genuen murrizketak desegiteko, baina orain itxaropen guztiak desagertu dira Podemosek Jaurlaritzari txeke zuria eman eta legeak onartzea oparitu diolako doan”.

Casanovak gogora ekarri du aurrekontuen negoziazioan EH Bilduk arduraz jokatu zuela eta beharrizan handienak dituzten herritarren egoera hobetzen saiatu zela. Hala, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE) zein pentsioen osagarrian eginiko murrizketak desegiteko exijitu zion Lakuari, eta azken honek eskari horri emandako ezezkoak eragotzi zuen aurrekontuak onartzea. Hala eta guztiz ere, okerren dauden pertsonen egoera “eztabaidaren erdian ipintzea lortu genuen eta Gobernua mugiarazi genuen”, hasieran DSBEn %2,25eko igoera baino ez baitzuen proposatzen, eta orain, ordea, haren proposamena %3,5ekoa da, %4,5ekoa pentsioen osagarriaren kasuan. “Igoera eginda ere, ez da nahikoa, ez dituelako murrizketak atzean uzten. Gure jarrera tinkoari esker argi geratu zen laguntza sozialak gehiago igotzea posible zela, bai eta legearen tramitazioa aldatzea ere, eta orain ere tinko jokatu behar genuen hobekuntza sozialak handitzeko. Aukera zegoen oraindik Jaurlaritza atzera egitera behartzeko, baina Podemosen abstentzioak bertan behera utzi du”.

@ehbildu_legebil