Foru Aldundiek helegite bana aurkeztu dute Legebiltzarra tramitatzen ari den EH Bilduren proposamena bertan behera uzteko. “Ustelkeriaren aurka neurri eraginkorrak hartzeak EAJri bertigoa ematen dio eta horrelako trikimailuak erabiltzera jotzen du”, dio Larraitz Ugartek.

EH Bilduk Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa Sortzeko Legea onartzea oztopatzea leporatu dio gaur EAJri, Foru Aldundiek eskumen-arazo bana aurkeztu baitute Arbitraje Batzordean lege horren tramitazioa bertan behera uzteko, EH Bilduk proposatu duen Bulegoak euren eskuduntzak urratuko lituzkeelakoan. Larraitz Ugartek azaldu du aldundien helegiteen tramitazioak luze jo dezakeela eta, ondorioz, ia ezinezkoa litzateke ustelkeriaren kontrako organo hori legealdia amaitu aurretik sortzea. EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, Bulegoa sortzeak “bertigoa eman dio EAJri eta aldundiak erabili” ditu horren kontra egiteko. “Ustelkeriaren aurkako borrokan behingoagatik neurri eraginkorrak planteatzen direnean EAJk bertigoa du, eta hori justifikatu ezina da mahai gainean ditugun kasu guztiak kontuan hartuz gero: De Miguel, Osakidetza, Marguello eta Karrantzako Minda, besteak beste. Horiek guztiek frogatzen dute EAE ez dela garbitasunaren oasia”.

Legebiltzarrak Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzeko EH Bilduren Lege Proposamena aintzat hartu zuen abenduan eta EAJk ere aldeko boza eman zuen orduan. Ugarteren iritziz, “horri ezezkoa ematea oso zaila zenez, iritzi publikoak gaizki hartuko zuelako, EAJk aldundiak erabiltzea erabaki du, Lurralde Historikoen Legearen aitzakiapean, ustelkeriaren aurkako urrats sendoak ez emateko”.

Edonola ere, EH Bildu Bulegoa sortzeko lege proposamenaren tramitazioak aurrera egiten saiatuko da. Horretarako, Legebiltzarraren Erregelamenduari heldu eta talde parlamentarioen babesa bilatuko du Arbitraje Batzordeari eskatzeko tramitazioa bertan behera ez uzteko. Izan ere, Jaurlaritza bera ere lege proposamena tramitatzearekin ados agertu zen eta ez litzateke oso ulergarria izango ekimen hori aintzat hartzearen aldeko botoa eman zuten berberek orain tramitazioa eten nahi izatea. Ugartek azpimarratu duenez, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortuz gero, “herritarrok asko irabaziko genuke, lehenago edukiko ditugulako neurri eraginkorrak eta bermeak Administrazio Publikoaren jarduera inolako ustelkeria zantzurik gabe egiten dela ziurtatzeko. Instituzioek ere sinesgarritasuna irabaziko lukete eta, finean, gizarte osasuntsuago bat izango genuke”.

@ehbildu_legebil