Jone Goirizelaia eta Julen Arzuaga Zaballako kartzelan izan dira Lan eta Justizia Batzordearen bisita ofizialean. Bertan jasotako azalpenek transferentziaren beharra berretsi dute, EH Bilduk aldarrikatu bezala.

Jone Goirizelaia Lan eta Justizia Batzordeko presidentea eta Julen Arzuaga batzorde bereko kidea Zaballan izan dira gaur goizean Legebiltzarrak antolatutako bisita ofizialean Arabako kartzelaren egoera eta bertan aplikatzen ari den espetxe eredua bertatik bertara ezagutzeko, betiere espetxeen gaineko eskumenaren transferentziari begira. EH Bilduko legebiltzarkideek beraiek proposatu zuten batzordekideek Zaballa bisitatzea.

Lau orduz luzatu den bisita amaitutakoan, Jone Goirizelaiak azpimarratu du espetxeen transferentzia premiazkoa dela eta, beraz, lehentasun osoa izan behar duela Gobernu espainolak prestaturiko transferentzien egutegian. Azaldu duenez, “Zaballako instalazioak ikusi eta funtzionamendua ezagutzeko aukera izan dugu, eta ikusi dugu gauza batzuk ondo egiten ari direla, baina atera dugun ondorioa oso argia da: espetxeen eskumena eskualdatuz gero, hori guztia hobetuko litzateke. Transferentzia premiazkoa da gauzak hobetzeko eta beste modu batean, bestelako eredu baten arabera, egiteko”.

EH Bilduren iritziz, zinikoa da, Gernikako Estatutua hitzez defendatzen dutenen aldetik, bertan xedatutakoa betetzeari uko egitea eta etengabeko oztopoak jartzea bertan aitortutako eskumenen transferentzia eragozteko.

@ehbildu_legebil