Osoko Bilkurak tramitera onartu du EH Bilduren lege proposamena. Larraitz Ugartek salatu du ustelkeria arloan zigorgabetasuna erabatekoa dela eta behar-beharrezkotzat jo du horren aurka independentzia osoz arituko den bulego bat sortzea.

EH Bilduren lege proposamena tramitera onartuta, Legebiltzarrak lehenengo urratsa eman du gaur jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko, koalizioak proposatu bezala. Izan ere, Larraitz Ugartek adierazi duenez, “ustelkeria Espainiako kontua dela eta hemen errealitatea bestelakoa dela irudikatzea gustatzen zaigun arren, hemen ere ustelkeria kasuak gertatu izan dira –De Miguel auziaren epaiaren zain gaude, esaterako– eta ezin dezakegu esan, inolaz ere, gizarte osasuntsu batean gaudela, non administrazio publikoa gardena, serioa eta duina den. Zergatik? Zigorgabetasuna erabatekoa delako, ez dagoelako ikerketarako mekanismo egokirik, ez daukagulako polizia judizial egoki bat diru publikoaren erabilera desegokiari modu espezializatu batean aurre egiteko, ez dagoelako ustelkeriaren aurkako fiskaltza bat, botere publikoak ez dituelako bere buruaren gaineko kontrol mekanismo nahikoak, ez dugulako salatzaileak babesteko mekanismorik”.

Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzea, dagoeneko Nafarroan egin duten moduan. “Herritarrak zain daude, erakutsi behar diegu gu ere prest gaudela norabide horretan pausoak emateko, ikusi behar dute alderdiok prest gaudela lakra horrekin amaitzeko eta horren aurka gogor borrokatzeko mekanismoak jarriko ditugula. Horretarako behar da, lehenik eta behin, borondate politikoa; bigarrenik, lege egoki bat, eta, hirugarrenik, bulego guztiz independente bat, babes legal, juridiko eta politiko osoa izango duena bere jarduera independentzia osoz egiteko”.

Ugarteren iritziz, “hemen diru publikoa, kontratazio publikoa edota kargu publikoak modu desleial eta zabar batean erabiltzen” ez ditugula pentsatzeko joera izan arren, De Miguel auziak eta beste auzi askok (Marguello, Karrantzako Minda, Balentziaga, Alonsotegi, Gipuzkoako Ogasuna, Bidegi, Pinosolo…) erakutsi dute “zein erreza den eta zenbaterainoko zigorgabetasunez egin daitezkeen okerrak eta ustelkeria izan daitezkeen horiek; nabarmena da gutxienez akatsak egon direla eta administrazio eta kudeaketa desegoki bat egon dela, eta, finean, arazo potolo baten aurrean gaudela”.

@ehbildu_legebil