EH Bilduren iritziz, ertzainburu ohiak haren dimisioa justifikatzeko eman dituen argudioak ez dira onargarriak. “Iñigo Cabacasen auzian tribunalak Segurtasun Sailari eta Ertzaintzari errudunen zigorgabetasuna bilatzea egotzi die; ezin da akats batez bakarrik hitz egin”.

Orain arte Ertzaintzako burua izan den Jorge Aldekoaren dimisioa Cabacas-Liceranzu familiaren lan judizial handiaren eta salaketa sozial zein politikoaren garaipena da, EH Bilduren aburuz. Julen Arzuaga legebiltzarkidearen hitzetan, Aldekoak ez zukeen urrats hori eman salaketa sozial eta politiko hori existitu ez balitz. “Gizartearen erantzuna, herri mugimenduaren protestak, Cabacas-Liceranzu familiak epaitegietan eta instituzioetan egin duen lan eskerga, salaketa politikoa eta, azken finean, gizarteak sentitu duen bidegabekeria dira Aldekoaren dimisioa azaltzen duten elementuak”.

Hala ere, Arzuagak azpimarratu du Aldekoaren dimisioak ez duela balio izan behar ahazteko Basauriko gaztearen heriotzaren arduradunak zigorgabe daudela oraindik; hortaz, erantsi du, ezinbestekoa da lanean jarraitzea ardura guztiak garbitu arte. Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, haren dimisioa justifikatzeko ertzainburuak emandako argudioak ez dira onargarriak. “Iñigo Cabacasen auzian ezin da akats batez edo praktika txarrez bakarrik hitz egin, Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzaren beraren eskema arduradunak estaltzea eta zigorgabetasuna bilatzea izan delako, eta Aldekoaren dimisioa iritsi da, hain justu, tribunal batek horixe salatu duenean”.

@ehbildu_legebil